Udan auto elektrikoak alokatu ahal izango dira
Eraikitako bidegorri sarea baliatuta, auzo batetik bestera joateko alokairuzko bizikletak izan ziren Mugikortasun sailak 2008an abiarazitako erronka. 2012an pauso berri bat eman nahi dute eta alokairuzko auto elektrikoen erabilera sustatzea finkatu dute helburu. Ostegunean udal gobernuak onartuko duen lehiaketa publikoaren bitartez, udan alokairuzko auto elektrikoen egitasmoa aurrera eramango duen enpresa aukeratuko dute.
Proiektua aitzindaria izango da hirian. Parisen duela hilabete jarri dute horrelako egitasmo bat abian eta Donostiak Frantziako hiriburuaren pausoak jarraituko ditu. Parisen 300 auto daude hiriko kaleetan barreiaturik. Donostiako Udalak egin duen hasierako proposamenak sei ibilgailu aurreikusi ditu. Lehiaketan parte hartzen duten enpresek, halere, gutxieneko baldintza hori gainditzeko aukera izango dute.
Auto elektrikoak hiru gunetan jarri nahi dituzte: Erdialdean (Bulebar eta Gipuzkoa plaza inguruan), Grosen (Katalunia plaza eta Kursaal inguruan) eta Antiguan (Benta Berri eta unibertsitate eremuan). Orduka erabili ahal izango dira eta bizpahiru orduz egin beharreko mandatuei erantzuteko helburua izango dutela azaldu dute Mugikortasun saileko arduradunek. Hots, ez du oporretan herrialderen bat ezagutzeko egun batzuetarako alokatzen diren autoen funtzioa beteko.
GPS bidez
Sistemak erreserbak on-line nahiz telefonoz kudeatzeko tresna izango du, erabiltzaileentzat ahalik eta erosoena izan dadin. Autoek izango duten GPS sistemak, gainera, ibilgailu bakoitza non dagoen jakiteko aukera eskaintzeaz gain, gidariari ibilbidea diseinatu eta kargatzeko lekuak non dauden jakiten lagunduko dio.
Hain zuzen, udalak abian jarriko duen beste lehiaketako bat auto elektrikoak kargatzeko guneei dagokie. 10-12 gune jartzeko asmoa dute.
Azterketa
Etorkizunean, auto elektrikoak kargatzeko guneak hiriko aparkalekuetara zabal daitezke. Egitasmoak, era berean, indar handiagoa har dezake; horretarako, baina, alokairuzko auto elektrikoen proiektuak duen bilakaera eta erantzuna aztertu beharko da ondorengo 30 hilabeteetan.
Hasiera batean, halako auto elektriko batek bost ibilgailu arrunt ordezka ditzakeela kalkulatu dute. Aurreikuspen horiek betetzen diren ikusteko azterketa eta jarraipen zorrotza egingo dute Mugikortasun saileko kideek. Egindako kilometroak, burututako ibilbideak eta bestelako xehetasunak ezagutzeko, 130.000 euroko laguntza eman du Europako Batasunak.
Autobus hibridoa
Diru kopuru horrekin alokairuzko auto elektrikoen bilakaera ez ezik, Donostiabusek erosi duen autobus hibridoaren erantzuna ere nolakoa izaten ari den gertutik jarraitu ahal izango dute. 130.000 euroko laguntzatik, 85.025 euro autobus konpainiak jaso ditu eta gainontzeko 44.436 euroak udalak.
Alokairuzko auto elektrikoak udan iritsiko badira ere, autobus hibridoak hainbat hilabete daramatza dagoeneko hiriko kaleetan. Gerardo Lertxundi Donostiabuseko gerenteak egin duen hasierako balantzearen arabera, «oso emaitza onak» eman ditu ibilgailuak. Aurreikusitakoa baino erregai gehiago aurreztu dutela jakinarazi du.