Donostiatik mundura
Arkitiriteros mugimenduaren erakusketa ibiltaria Grosen ikusgai dago, bi donostiarren lanekin
Donostiako arkitektura eskolako ikasle batzuen bidez sortu zen Arkitiriteros mugimendua. Lehen ideia, duela bost urte izan zuten, baina duela bi urte ideia hura sendotu eta egi bihurtzea lortu zuten. Hala, Internet bidez euren asmoaren berri eman zuten lehenengo taldekidek haiek, eta pixkanaka jende gehiago batu zaienez, ez dakite zehazki zenbat diren. Hala, egun, arkitektuez gain, disenatzaile eta artista gazteez osatua dago kolektiboa, besteak beste.
Bi ataletan banatzen dute euren jarduera, batetik, gogoeta, eta bestetik, ekintza. Bigarren atal horren barnean, Groseko Robin Banana jatetxean zabaldu berri duten erakusketa dago. Guztira, hamabi gazteren hamabi lan bildu dituzte, bakoitza bere berezitasunarekin eta bere azalpenarekin.
Erakusketa ibiltaria denez, Donostiara iritsi aurretik Valentzia eta Castellotik igaro da. Donostiatik, berriz, Iruñera joango da. Hala, arkitiriteroak dauden leku guztietara iristen saiatuko dira: Euskal Herria, Espainia, Mexiko, Kolonbia…
Taldea, zabalik dago, baina momentuz bi donostiar daude: Oihane Pardo eta Ibon Alcoz. «Bitxia da, taldeko asko lagunen lagunen lagunak dira, beraz, asko ez gara elkar ezagutzen. Halako ekintzei esker, gure artean ezagutzeko aukera izaten dugu, gauza fisikoagoak egiteko, eta gure kolektiboa ezagutzera emateko», azaldu du Pardok. Groseko bi bizilagunek euren sorkuntzak azaldu dituzte. ‘Interpretacion de las matriuscas’ izeneko lana sortu du Alcozek: «Kaxekin jolastu dut. Errusiar panpinak gogoko ditudanez, antzeko zerbait egiten saiatu naiz, baina era sinpleagoan». Gainera, kaxei Arkitiriteros-en koloreak eman dizkie. Pardok, berriz, ‘Trabalenguas’ lana sortu du: «Paperezko arrantzaleak plastikozko arrainak arrantzatzen jarri ditut. Zikinkeriaz sortutako animaliak.. itsasora botatzen dugun zikinkeriarekin gertatzen dena irudikatu dut».
Formatu beretik abiatuta
Obra guztiak gai eta teknika librean sortutakoak dira, gai zehatz bati lotutakoak izan gabe. «Oso zaila zen gure artean ados jartzea, posta elektronikoz komunikatzen baikara», azaldu du Pardok. Hala ere, denak daude formatu berdinera egokituak, alde batetik bestera bidaltzea errazteko. Erakusketan parte hartu nahi zutenak 10 ziren, gehi bi kolaborazio. Hala, kutxa handi batean lan guztiak sartzeko, aukera onena bakoitza kartoizko kutxa txiki baten barnean sartzea zela erabaki zuten. Eta hala, guztiek oinarri bera duten arren, kutxatik ateratzen dira guztiak, zabalduz, zintzilikatuz… hala, denetarik ikus daiteke, argazkiak, marrazkiak, eskulturak, eskulanak… guztiak bereziak.



