Festa aurreko burrunba

Haur Danborradako ohorezko karguak. Ezkerretik eskuinera, Iosu Gomez, Danbor Nagusia; Claudia Fernandez, Easo Ederra; eta Ander Atxukarro, Gudalburua. (Argazkilaria: Mikel Goñi)
Gauerdian Jose Ramon Mendizabalen aginte makilari jarraituz lehen danbor hotsak entzutean, 24 orduko jaia handia hasiko da. Horren aurretik, ordea, festa giroa pizten lagundu zuten, atzo, Alderdi Ederren izango diren 52 konpainietako ordezkariek. Azken urteetan Gaska kiroldegia bete ondoren, Haur Danborradako karguen aurkezpen festa Viktoria Eugenia Antzokira itzuli zen. Musika mota anitzeko emanaldiak ezagutu dituen Antzokia, beraz, danbor hotsek bete zuten berriro; eraikinaren mendeurrenaren lehen ospakizuna ere izan zen ekitaldian. Eguerdia baino lehen eserlekua guztiak beteta zeuden, eta haurrek, urduri itxaroten zuten festaren hasiera. Kazetarien eta argazkilariei kasu eginez batzuek, ingurura begira nahiz leku faltari aurre eginez danborrari joez, argiak itzaltzeko ordua noiz iritsiko zain zeuden gaztetxoak.
Jarlekuen artean, ordea, ilara batek bereganatzen zuen arreta gehien; Easo Ederra, Gudalburua eta Danbor Nagusia zeudena, hain zuzen ere. Are gehiago sukaldariz jantzitako gizon hurbiltzean. Orduan, flash guztiak haiengana joan ziren. Kameren argi artean, Juan Karlos Izagirre alkateak eta Nerea Txapartegi Kultur ordezkariak bi muxurekin agurtu zituzten haurrak eta ilunpea egin zen nagusi. Bozgorailuko Iriyarenaren doinuak danborrei eta upelei joaz jarraitu zituzten haurrek. Ondoren, festa gidatu zuen Oihulari Klowneko kideek lagunduta, abestiaren aldaera berriak asmatu zituzten: sanba, doinu afrikarrak, saltsa…
Umoreaz gain, historiak ere bere tokia izan zuen. Arazo tekniko batzuk gaindituta, Viktoria Eugenia Antzokiaren ibilbidearen berri ematen zuen bideoa bota zuten. Bien bitartean, hainbat haur igo ziren oholtzara agintariekin batera. Kandelak irudikatzen zituzten koloretako argi hodiak eskuetan zituztela, Zorionak zuri abestu zuten.
Kandelak putz eginez itzali ondoren, Donostia 2016 bulegoko proiektuen zuzendari Igor Otxoak Europako Kultur Hiriburu izateak duen garrantziaren berri eman zien. Halaber, 2016an, Donostiara etorri ohi diren Europako nahiz Saharako haurrekin danborrada erraldoia egin ahal izateko laguntza eskatu zien; eta haurrek makinei nola eragin erakusteko prest zeudela oihukatu zioten.
Historiaren uneak aurrera jarraitu zuen, etorkizunetik iraganera jauzi eginez. Danborradarekin eta hiriarekin lotura berezia izan duten datak gainbegiratu zituzten, hiria suntsitu zuen 1813ko sutea; 1836an egun Union Artesana den La Fraternidadek egindako lehen danborrada: 1961eko lehen haur desfilea… aipatuz, besteak beste.
Izagirreren lejen jardunaldia Aurkezpen festan beste urte batzuetan baino ezusteko gutxiago izan baziren ere, euskara hutsez egindako ekitaldian, alkateak aurrekoek baino gehiago parte hartu zuen. Danborrada bakoitzeko ordezkari bat eta karguak zeuden oholtzara igotzean, urduri dagoela aitortu zuen. Izagirren lehen urtea da hau, eta bera bezala hasiberria zen gaztetxoren bat aurkitzea kosta egin zitzaion, gutxik altxa baitzuten eskua berak galdetzean. Arretagune izateak ezinegona eragitea ohikoa dela esan, eta eskerrak eman zizkien danborradan parte hartuko duten ia 5.000 haurrei “hiriaren enbaxadore lana egingo duzuelako Gipuzkoaren, Euskal Herriaren eta munduaren aurrean”. Amaitzeko, bihar, udaletxeko balkoitik egingo duen “Gora Donostia!” oihuari ozen erantzuteko eskatuz agurtu zen. Entseguan bezain ondo eginez gero, denek entzungo dute.
Karguei dominak eta loreak banatu ondoren, ez zen oholtzatik jaitsi eta haurrekin batera jo zuen Iosu Gomez Danbor Nagusiak zuzendutako martxa. Danbor hotsak isilduta, Oihulari Klowneko kideek agur toparako edabea prestatu zuten Easo Ederrak eta Gudalburuak lagunduta. “Aniztasuna, iraunkortasuna, sustraiak, hegan egiteko lumak, bidea ikusteko argia, harmonia, kultura, irudimena, maitasuna eta sistemaren aldaketa” ordezkatzen zituzten osagaiak bota zituzten pertza barrura. Azken ukitua alkatearen esku utzi zuten, “iparra duen norbaiti jarraitzeko” iparrorratza eman zioten Izagirreri. Guztiak elkartuta etorkizun zoragarriaren alde topa egin zuten.
Ohorezko karguak, prest Hurbileko geroa berezia izango da desfilean parte hartuko duten 4.906 haurrentzat, baina are gehiago, ohorezko karguak dituzten hiru lagunentzat. San Alberto Magno ikastetxeak zortea aldeko izan zuen karguak zotz egitean, Easo Ederra eta Gudalburua beraiei egokitu baitzitzaien. Claudia Fernandez izango da jaiaren erregina. 10 urteko neskatoak urteak daramatza festan parte hartzen, eta, aurretik, kantinera, danbor jotzaile eta kupel jotzaile izan da. Hala ere, aurtengo kargua nahiago du. “Entsegu gutxi egin behar izan ditut, harenga prestatu bakarrik”, dio Fernandezek. Ez dago urduri. Azken buruan, kargua lortzeko egin beharrekoa errepikatu beharko baitu bihar: hitzaldia eman. Alboan izango du Gudalburu izateko froga bera gainditu zuen Ander Atxukarro. Mutikoarentzat seigarren parte hartzea izango da aurtengoa; eta zaldi gainean joango den arren, upela jotzea nahiago duela aitortu du. Danbor eta upel jotzaileak adoretu beharrak ez du batere urduritzen. Egun berezia izango da ere, Errekalde Gastronomi Elkarteko Iosu Gomezentzat. Jaia hurbiltzen ikusteak urduritu egiten du 11 urteko gaztetxoa. Lehen aldiz izango da zuzendari, baina “aspalditik” daki erritmoa markatzen. “Ez dut egiteko zaila. Makila pixka bat joaten zait batzuetan, baina ondo jarraitzen didate”, baieztatu du Gomezek. Hala ere, badaezpada, egunero entseatu du. Nerbioak gora-behera, poz handia da berarentzat haur guztiek bere aginte makila jarraitu beharra izatea. Eta atzo bezala eginez gero, arazorik ez du izango.