Festa hasi aurreko izarrak
Hamaika dira 24 orduko festa handi egingo duten protagonistak. Donostiak, baina, Hiritar Merezimenduaren Domina jaso berri duten lagunen kemena behar du, San Sebastian egunean nahiz urteko gainontzeko egunetan, munduan bakarra izateko.
Donostia handi egiteko Peter John Brownek, Joaquin Perezek, Andresa Portugalek, Ramon Saizarbitoriak eta Lurdesko Amaren Abegi elkarteko kideek eman duten urrats bakoitzeko ez dute ez danbor hotsik ez festa doinurik aldamenean izan. Ixilean egindako guztia goratzeko gorde dituzte beren lagun eta ahaideek hitzik goxoenak. Hunkituta erantzun diete omenduek udaletxeko udalbatza aretoan bildutakoek egindako opariari:
Peter John Brown, Gipuzkoako Dantza Akademiako Irakasleen Elkarteko presidente ohia: urteek bakartzen ez, eta orain zahartuta dagoen arren, bizitza osoa gelditu gabe, dantzan, eman duela esan du. Bere emaztea izan du gogoan.
Joaquin Perez, Txomin Eneako auzo elkarteko kidea: “Pertsona normala naiz, saltsa guztietako perrexila izatea da nire akatsa”, adierazi du. Txomin auzunea aurrera ateratzen botatako izerdi eta ondoan izandako lagunak gogoratzen majo hunkitu da.
Andresa Portugal, Bretxako arrain saltzailea: “Eskerrik asko denei” oihukatzeko indarrak pilatu ditu.
Ramon Saizarbitoria, idazlea: Txillardegi gogoan izan du idazleak. Baita hiriak eman dituen idazle zerrenda luzea ere. Euskal literaturak gatazkaren kontakizun zuzena egingo duela eta presoak herriratzeko aldarria egin du.
Lurdesko Amaren Abegi elkarteko Mari Nieves Saenz Bilbao:Elkartasunak eta errespetuak batzen dituela, eta dominak entzuten eta behar duenari besarkada bat ematen jarraitzeko indarra emango diela azaldu du. Elkartera hurbiltzeko deia egin die donostiarrei.