Ideia berritzaileak piztu eta lana sortzeko haztegia izango da Urumea ibaia
Ainara Martin, Donostia 2016ko kultur proiektuaren zuzendariordea, eta Ana Espinosa, kultur proiektuko teknikaria, Pragatik itzuli berri dira. Glasgow, Praga, Stockholm, Tallinn, Wroclaw eta Donostiak parte hartu duten Future City Jobs ekimenaren baitan sortutako ideiak aztertu eta erakargarriena aukeratzeko topaketan egon dira. Bidaia oparoa izan da, proiektu irabazlea hautatu dutelako Donostiakoa.
Ekimenaren izenburuak dioen bezala, etorkizunari begira ari diren hirietan lanpostuak eratzea du egitasmoak ardatz. Kultura eta ideia berritzaileak muin dituzten lanpostuak.
Donostia 2016 bulegoak abenduan antolatutako laborategitik sortutako ideia irabazleak Urumea ibaiak eskain ditzakeen aukerak baliatu nahi ditu. Ibaiaren ibilbidean zehar zabaldu nahi dituzten edukiontzi batzuetan oinarritzen da komunikazio arloko bi lagunek, arkitekto batek, enpresa munduko beste batek eta Bonbain urte eta erdi inguru eman duen gazte baten burutik ateratako ideia. Ana Espinosak azaldu duenez, edukiontzi horiek herritarren esku egongo lirateke, proposamen berritzailei irekita. Hala, etorkinentzako euskara eskolak, hirian sekula garatu ez diren ekimen kulturalak edota gazteentzako ostatu bilaka litezkeela jarri du adibide.
Gune horiek lanpostu berrietarako haztegi bilakatzea da helburu nagusietako bat. Ekimenak, era berean, gazteen animoa piztu eta ideia berriak garatzeko gogoa suspertu nahi duela jakinarazi du Espinosak.
Ideia errealitate bihurtzeko sei hilabete izango dituzte. Hilabeteotan, proiektua garatzeko aukerak, baliabide ekonomikoak eta proiektua mamitzeko beharrezkoak diren alderdi guztiak aztertuko dituzte. Maiatzerako, dena den, proiektuaren lehen urratsak ikusgai egon beharko direla jakinarazi du Donostia 2016 bulegoko kideak. Ekimena antolatu eta bertan parte hartu duten hirietako ordezkariak Donostiara etorriko dira egindako lana bertatik bertara ezagutzeko.