
Historikoa izan da aurtengo banderaren igoera. Hain zuzen ere, pauso bat haratago joan da Gaztelubide elkartea eta, lehen aldiz, emakume bat izan da Konstituzio plazako oholtza gainean zuzendari lanetan; Ainhoa Olasagasti donostiarrak izan du ohorea. Jose Ramon Mendizabal danbor nagusiarekin eta Alberto Matilla upelen zuzendariarekin partekatu du une hunkigarria. 28 urketari atera dira eta horiek zuzentzea izan da Olasagastiren lana. «Gabonetako oporretatik bueltan Jose Ramon Mendizabalek deitu zidan, nirekin hitz egin behar zuela eta elkartera joateko. Nik uste nuen zerbaitetan laguntzera joan behar nuela, baina iritsi nintzenean, esertzeko esan, eta urketari nagusia izango nintzela esan zidan», gogora ekarri zuen Olasagastik jaiaren bezperan.