Enrique Cifuentes: "Behobia-Donostiaren historiako egunik garrantzitsuena da gaur"
Urrezko Danborra Fortunako presidente Enrique Cifuentesen esku dago jada. Ehun urte bete berri dituen elkarteak antolatzen du Behobia eta Bulebarra arteko herri lasterketa, gaurko omendua. “Behobia-Donostiaren historiako egunik garrantzitsuena da gaur”, esan du Cifuentesek. Antolatzaileak eskertu ditu Cifuentesek berak,”erakutsitako ilusioarengatik; nabaritzen da lasterketa gustatzen zaiela, bestela ez zen hain ondo irtengo”. Atletak -zendutako Diego Garcia, besteren artean- eta lasterketa errepide bazterretik babesten duten ikusleak ere eskertu ditu. Azken hauek Behobia-Donostiaren azken kilometroa “mitiko” bihurtu dutela nabarmendu du, jendetza biltzen baita Donostiaren sarreran.
