Lagun Aro-Caja Laboral, Kopako final-laurdenetan
Lagun Aro Gipuzkoa Basketek Caja Laboral Baskoniarekin jokatuko du Kopako final-laurdenetan. Hala erabaki du goizean egindako zozketak. Kopa otsailaren 16 eta 19 bitartean ospatuko da Bartzelonan. Donostiarren eta gasteiztarren arteko partidaren irabazlea Bartzelona eta Lucentum Alicanteren arteko lehiaren garailearen aurka arituko da finalerdietan. Real Madril-Fuenlabrada eta Unicaja-Cajasol izango dira final-laurdenetako beste bi partidak, hauek ere, euskaldunen arteko norgehiagoka bezala, derbiak; madrildar eta andaluziarren artekoak, hurrenez hurren.
ACB ligak Kopako ordutegiak jakinarazi berri ditu. Bartzelonara joateko asmoa duenarentzat, euskal derbia ostegunez jokatuko da, otsailaren 16an, 19:00etan. Finalerdia, aldiz, larunbatean, otsailaren 18an izango da, 18:00etan.
