Larunbatean egingo dute Bertso Eguna Donostian. Bertso kalejira, Kursaal Auditorioko saioa eta Ni Neu jatetxean egingo duten afaria izango dira ekitaldi nagusiak.

Iñaki Murua (Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria), Nerea Txapartegi (Kultura eta Euskara delegatua) eta Iñaki Almandoz (Kutxako ordezkaria). (Argazkia: Estitxu Zabala)
Urtarrilaren 28an, larunbata, bertsoek hartuko dute Donostia. Beñat Gaztelumendi, Andoni Egaña, Odei Barroso, Maialen Lujanbio, Aitor Sarriegi eta Imanol Lazkano izango dira, besteren artean, Bertsozale Elkarteak Kursaal Auditorioan (18:00) egingo duen bertso saioan. Elkarteak 25 urte bete ditu aurten, eta ekitaldiak urtemuga bera izango du ardatz.
Kalean ere entzun ahal izango dira bertsoak. Alaia Martin, Sebastian Lizaso eta Arrate Illaro, besteren artean, bertsotan ariko dira 12:00etan. Konstituzio plazan, Bretxan eta Viktoria Eugenia Antzokian izango dira. Zergatik Viktoria Eugenian? Antzokia eraiki zutenetik ehun urte dira, eta keinu txiki bat egin nahi izan diote. Balkoitik kantatuko dute.
Afaria Ni Neu jatetxean egingo dute. Oraindik sarrera batzuk geratzen dira
Bertsosarrerak.eu atarian. Telefono zenbaki honetan ere eskura daitezke: 943694129. Kursaaleko ekitaldirako sarrerak ere salgai daude.