Ondarretako kafetegia botatzen hasi dira

Udan kafetegi zerbitzua emango duen bi egitura mugikor ala bakarra jartzea aztertzen ari da udal gobernua
Ondarretak bere itxura naturala berreskuratzeko kafetegia bota behar zela erabaki zuen udal gobernuak udazkenean. Esan eta egin. Hasi baitira, jada, eraikina eraisteko lanak. Nora Galparsoro Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak deskribatu duenez, «eraikinaren ondorioz, harea hondartzaren goiko aldean metatzen da». Hondarraren mugimendua oztopatuko duen trabarik gabe eta ondorengo hilabeteetako itsas ekaitzekin hondartzak bere egoera naturala berreskuratzea espero dute. Bide batez, Kosta Legeak ezarritako irizpideak beteko dituztela azaldu du. «Aurre udal gobernuak harriak kendu zituen, horrek, baina, arazoa larriagotu baino ez zuen egin», erantsi du Galparsorok.
Kafetegia bota, orubea garbi utzi eta sortutako hondakin guztiak jasotzeko bi aste beharko dituztela kalkulatu dute. Aurrekontua 23.056 eurokoa da.
Ondoren, kafetegi inguruko harea garbitu eta hondartzak duen itxurarekin berdindu beharko dute. Udalak hareak duen jokaera gertutik jarraituko du eta maiatzean pilatutako hondarra mugitu ala bere horretan utzi behar den erabakiko dutela jakinarazi du.
Kafetegi zerbitzuari dagokionez, udan egitura mugikor bat ala bi jartzea aztertzen ari da udal gobernua.