"Zalaparta egitea" ez dela inorentzat ona adierazi du Manu Narvaezek
Turismo datuen inguruan Eusko Jaurlaritzak eta PSE-EEko udal taldeak piztu duten sua itzaltzeko asmoz, Josu Ruiz Turismo zinegotziak eta Manu Narvaez Donostia Turismoko zuzendariak datu berriak aurkeztu dituzte. Datuak datu, «urte bikaina» izan dela nabarmendu du Bilduko zinegotziak eta «zintzotasun apur batekin» aritzeko eskatu die PSE-EEko ordezkariei.
Krisiak, aurten, turismoari ere erasango diola aurreratu dute eta halako ika-mikak turismoaren mesedetan baino, kaltetan direla zehaztu du Manu Narvaezek. Zalaparta egitea ez dela inorentzat ona uste du Donostia Turismoko arduradunak.
Argi dago, Eustatek ala Estatistika Institutuak emandako datuei erreparatuta, bakoitzak bere irizpideak dituela eta batek nahiz besteek ateratako ondorioek ez dutela bat egiten. Bi balantzeetan positiboa den datu batean egin du Narvaezek indar. Bataz besteko egonaldia, 2010. urtearekin alderatuta, luzatu egin dela zehaztu du. Ezkorrena den Eustaten arabera, gaualdi kopuruak %1 egin du gora; Estatistika Institutuaren arabera, berriz, %5,3. Hotelek saldutako gau kopuruan ateratzen dutela etekina zehaztu du.
Galerarik handiena, berriz, martxoan izan dutela azaldu du Josu Ruizek. «Orduan Bildu «existitu ere ez zela egiten», gaineratu du.
Estatistika erakundeek egiten dituzten azterketetatik haratago, hiriko beste zerbitzu turistiko batzuek emaitza oparoak jaso dituztela aditzera eman dute. Aquariumen, esaterako, bisitari kopuruak %5,5 egin du gora, turismo bulegora hurbildutakoen kopurua ere %9 hazi da eta autobus turistiko eta beste zerbitzu batzuek balantze positiboa egin dutela azpimarratu du Narvaezek.
Madrildik eta Herrialde Katalanetatik etorritako bisitariak izan ohi dira hirian nagusi. Kopuru hori, ordea, pixkanaka-pixkanaka behera egiten ari dela jakinarazi dute eta aurten ere beherantz jarraituko duela zehaztu dute. Bilbon ere galera hori nabaritu dutela zehaztu du Narvaezek.
Europako bisitariak
Espainia ez beste herrialdeetatik, gainera, 2010ean baino turista gehiago heldu dira. Iaz atzerriko bisitarien batez bestekoak %4 egin zuen gora, %37tik %41era igaro zen. Europako bisitariak erakartzeko ahalegin handiagoa egiten jarraitu beharko dela esan du Donostia Turismoko zuzendariak. «Alemanian, Erresuma Batuan eta beste hainbat herrialdetan krisiaren eragina txikiagoa izaten ari denez, Donostiara etortzeko erraztasun handiagoak eskaini behar zaizkie».
Donostia turismoan erreferente izaten jarraitzeko, lanean segitu behar dela zalantzarik ez dute Donostia Turismoko arduradunek. Ramon Gomez PPko bozeramaileak, halaber, Donostia hiriburu turistiko eta kultural bilakatzeko, elkarlanean jarraitu behar dela dio. ETAren amaierak aukera berriak sortuko dituela eta horiei ihes egiten ez uzteko laupabost urtera begirako plan estrategiko berri bat osatu behar dela esan du.
