Illunbeko eta Uxotegiko auzia argitzeko ezohiko batzordeak eratu dituzte
Parte Zaharreko gaztetxearen inguruko batzordeak gaurkotasuna galdu duela uste du Goiak
Gaztelubide kaleko 5. atariko eraikinaren okupazioaren nondik norakoak argitzeko batzordea sortu dute, baita Illunbeko azpiegiturari zein irtenbide atera dakiokeen eztabaidatzeko ezohiko batzordea ere. Alkateak deituta, batzorde bakoitzeko presidente eta presidente ordeak aukeratu dituzte udal taldeetako ordezkariek. Illunbeko batzordeko buru Ernesto Gasco aukeratu dute; presidenteorde, aldiz, Bilduko zinegotzi Ricardo Burutaran izango da. Uxotegikoan, Ramon Gomez PPko bozeramaileak (presidente) eta Eneko Goia EAJko bozeramaileak (presidenteorde) izango dute batzordearen gidaritza.
Eneko Goiak, hain justu, batzordea «berandu» eratu dela salatu du. Gaztelubide 5. atariko eraikina hutsik dagoenez, gaurkotasuna galdu duela esan du. Garrantzirik, halere, ez duela galdu eta egia zehaztasun osoz ezagutzea premiazkoa deritzo.
Xehetasun guztiak argitzeko hiru hilabete nahikoa izango direla uste du Ramon Gomezek. Udal gobernuaren jardunbidea zein izan zen jakiteko balioko duela eta ahalik eta arinen egiten ahaleginduko dela esan du. Hala, bilerak hamabostean behin eta, ahal bada, astero egin nahi dituela esan du. Bilera horietan nork parte hartuko duen zehazteko, udal talde bakoitzak izango du bere zerrenda egiteko aukera. Gomezek, gainera, orain arte egin diren txosten eta idatziak bildu eta udal talde guztiei bidaltzeko agindu dio udal idazkariari.
Kirol zinegotzia eta GBC
Ernesto Gascok, halaber, Illunbeko ezohiko batzordeko egutegia osatu beharko du. Azpiegitura horri benetako etekina atera diezaioketen eragileak gonbidatu nahi ditu bilera horietara. Proposamenak egiteko eskatu die gainontzeko udal taldeei. PSE-EEko bozeramaileak lehenengo bilerarako bi hautagai jarri ditu mahai gainean: Josu Ruiz, Kirol zinegotzia eta Gipuzkoa Basketeko ordezkariak. Egungo egoeraren eta indarren dauden kontratuen berri ematea nahiko luke Gascok.


