Erasoei "stop" esateko deia egin dute hiriko hainbat eragilek
Errepresioari aurre egiteko dinamika aurkeztuko dute datozen asteetan
Eskubide zibil eta politikoak defendatzeko herri harresia sortzeko beharra adierazi zuten hiriko hainbat eragilek atzo eguerdian udaletxean egindako agerraldian. STEE-EILAS, LAB, Amnistiaren Aldeko Mugimendua, Gazte Independentistak, Aralar, ezker abertzalea, Eusko Alkartasuna, Alternatiba eta EHNE dira dinamikaren sustatzaileak, eta datorren asteetan emango dute ezagutzera erasoei “stop” esango dien ekimen berria.
LABeko Lurdes Erasok eta gazte independentistak-eko Eneko Pontestak irakurritako idatzi bateratuan salatu zutenez, egungo testuinguru politikoan, “batzuek Euskal Herriko gatazka politikoa gainditzeko urrats esanguratsuak” egin dituztenean, beste batzuek “etengabeko traba eta erasoak eskaintzen dituzte”. Horren adibide, azken hilabeteetan ezarritako debekuak eta erabaki juridikoak aipatu zituzten: Alberto Gonzalez intxaurrondotarraren atxiloketa; Mikel Vargas, Asier Coloma eta beste hamabost gazte donostiarrei ezarritako kartzela zigorrak eta Oihana Agirre egiatarraren espetxeratzea.
Eraso guztiekin “behingoagatik” amaitzea exijitu, eta konponbidearen aukera “zapuztu” nahi duen jarrera horren aurrean, ideologia anitzeko herritarrak antolatzeko premia nabarmendu zuten eragileek. Horretarako, “donostiarren konpromisoa eta mobilizazioa” beharrezkotzat jo zituzten. Euskal Herrian izandako ekimenen haritik, “elkartu eta eskubide zibil eta politikoen alde harresi sendoa eraikitzeko deia zabaldu nahi dugu”, adierazi zuen Pontestak.
Alberto Gonzalez – Gazte independentista



