George Franju zinemagileari eskainiko diote Zinemaldiaren atzera begirako bat
Donostiako Zinemaldiaren 60. ekitaldiaren protagonistetako bat Georges Franju (1912-1978) zinemagile frantziarra izango da. Jaialdiak bere filmografia berreskuratu eta atzera begirako bat eskainiko dio, hain zuzen, bere jaiotzaren mendeurrena betetzen denean.
Franjuk garrantzia handia izan zuen Frantziako kultura zinematografikoan. Henri Langlois zaharberritzailearekin batera Frantziako Zinemateka sortu zuten 1936an. Zuzendari lanetan 1949an hasi zen, dokumentalgintzan. Franjurenak dira, besteak beste, ‘Le Sang des betes’, ‘Hotel des invalides’ eta ‘En passant par la Lorraine’.
Franjuk objektuen poesia bilatzeko obsesioa zuen. Eta nahi horri eutsi zion fikziozko film luzeak egiten hasi zenean: ‘La Tete contre les murs’ (1958) eta ‘Les Yeux sans visage’ (1959). Azken hau fantasiazko zinemagintzaren maisulantzat jo dute.
Literaturaren obra klasikoak egokitzeko gaitasunagatik ere nabarmendu zen Franju: Francois Mauriac (Therese Desqueyroux, 1962), Emile Zola (La Faute de l’Abbe Mouret, 1970), Joseph Conrad (La Ligne d’ombre, 1973) eta Jean Cocteau (Thomas l’imposteur, 1964). Franjuren lanak nouvelle vague mugimenduaren zinemagile gazteen mirespena lortu zuen.