Kartelak hautatzeko sareko lehen lehiaketa deitu du Zinemaldiak
Irabazten duten kartelei botoa eman dieten lagunek jaialdiarekin lotutako zozketan hartuko dute parte
Donostiako Zinemaldiak 60. ekitaldiko irudi ofizialak izango diren kartelak hautatzeko, sareko lehen lehiaketa deitu du. Zinemaldiaren helburua, sorkuntza eta partaidetza sustatzea da, baita jaialdiaren hedapena bultzatzea ere.
Diseinatzaile guztiei irekita dago lehiaketa, eta herritarrek kartelik gustukoenak bozkatzeko aukera izango dute. Ondoren, epaimahai batek irabazlea hautatuko du, boto gehien lortzen duten lanen artean. Era berean, lan irabazleen aldeko botoa ematen duten horien artean, sariak zozkatuko dituzte: 10 emanaldirako abonamendu bat eta Zinemaldiaren 60. edizioko argitalpen sorta bat.
Honako sailetarako kartelak osatu daitezke: Ofiziala (3.000 euroko saria), Zuzendari Berriak (1.000 euroko saria), Zabaltegi (1.000 euroko saria) eta Horizontes Latinos (1.000 euroko saria). Nahi adina sailetara nahi beste kartel aurkezteko aukera egongo da.
Zinemaldiaren webgune ofizialean egongo da kartelak ikusi eta bozkatzeko aukera: www.sansebastianfestival.com/kartellehiaketa. Hala, gune horrek partaidetza bultzatu eta lehiaketaren kudeaketa ahalbidetuko du. Lehiaketaren oinarriak eta informazio guztia aipatutako webgunean bertan topa daitezke.


