Motoak aparkatzeko gune gehiago zabalduko dituzte Amarako sei kaletan
Otsailaren lehenengo asterako guneak markatuta egotea espero du Mugikortasun sailak
Moto gidari asko dira errepide bazterrean lekurik topatu ez eta ibilgailua espaloi gainean uzten dutenak. Oinezko bideak libre uzteko asmoz, motoak aparkatzeko guneak zabalduko ditu Mugikortasun sailak Amara hainbat kaletan. Denera, 75 moto gehiagorentzako tokia egin nahi dute. Moto bakoitzak metro bete hartzen duela kalkulatuta, 75 metro gehiago izango dituzte motoek eta 75 metro gutxiago auto gidariek ibilgailua uzteko.
Gune horiek margotzen datorren astean hasi nahi dutela zehaztu du Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak. Era horretan, otsailaren aurreneko asterako lanak bukatuta egongo direla adierazi du, eguraldiak ez badu endredorik sortzen.
Lan horien bidez, era berean, egun sakabanaturik dauden hainbat aparkaleku batuko dituzte. Sei kalek izango dute motoa uzteko gune zabalagoa: Jose Maria Salaberria kalean egun dauden aparkalekuak mantenduko dituzte eta bost metroko beste bi gune berri bereiziko dituzte. Karlos I.aren etorbidean beste bi gune margotuko dituzte. Amezketa kalean beste bat erantsiko dute eta Barkaiztegi kaleak beste bost metro gehiago izango ditu. Antso Jakitunaren hiribidean beste bi aparkaleku gehiago jarriko dituzte. Bata, autobus geltokiaren ondoan eta bestea, Azpeitia kalearen parean. Easo kalean beste gune bat bereiziko dute.
Amaran hasi dira motoak espaloitik kentzeko neurriak hartzen, bertan jaso dituztelako kexa gehien. Albizuk, halere, ez du baztertu moto aparkaleku gehiago beste auzo batzuetan jartzeko aukera.
