Ofizioa bazuten; orain titulua ere
‘Tresneriak eta aparailuak egitea eta mantentzea’ izeneko ziurtagiria jaso dute lehen promozioko saregileek Miramar Jauregian.
Egun bitxia izan zen atzokoa Maite Burgoa eta Garbine Garalderentzat. Ondarroako (Bizkaia) bi saregile hauek, «bizitza osoa» sareak konpontzen eman eta gero, atzo eskuratu baitzuten Tresneriak eta aparailuak egitea eta mantentzea izeneko profesionaltasun ziurtagiria. Beraien moduan, egin zuten lehen promozioko beste 60 inguru emakumek, Patxi Lopez lehendakariak esandakoaren «ikusgarritasuna handitzeko» Miramar Jauregian egindako ekitaldian.
Burgoak, Garaldek eta besteek urtebeteko lanaren emaitza «gogotsu» jaso zuten atzo. Izan ere, Saregileen elkartearen eta Jaurlaritzaren ekimenez iazko otsailean hasi baitzen aipatutako ziurtagiria eskuratzeko lehen ikastaroa. Prozesu hori atzo Miramar Jauregian egindako agiri banaketarekin bukatu zuten.
Saregileek arrantza ontziek erabiltzen dituzten sareak konpontzen dituzte. Hori dela eta, itsasaldien arabera lan egiten dute. Arrantzaleak portura iristen direnean hasten dute bere jarduna, eta berriro ontziratu baino lehen, tresnak konponduta eduki behar dituzte.
Hainbatetan saregileak dira ontziak dauden tokietara joaten direnak. Hori dela eta, Donostiako kaian ikus daitezken gutxiak, kanpokoak dira; gehienetan hirira Hondarribitik edo Oriotik iristen direla.
Lan baldintza gogorrak
Bi ondarrutarrek hamarkadatan jardun dute sareak konpontzen. Garaldek gogora ekartzen duenez, «amak esan zidan ikasi nahi ez banu, portura sareak jostera joan behar nuela». Dena den, bigarren mailako lantzat jo izan da sare konpontzaileena, eta etorkizun gutxikoa. Burgoak dio gazteek ez dutela lan horretan jardun nahi. «Oso gora-beheratsua da, antxoa garaian lan asko egoten da, baina bestela oso aldakorra da, eta horrelako lan batekin bankukoek ez dizute hipoteka ematen».
Garaldek lana bera gogortzat jotzen du. «Orion eta Hondarribian lokal batean aritzen dira, baina guk, Ondarroan, kaian bertan egiten dugu eta batzuetan txalupetan». Egurats zabalean lan egiteak osasunerako kaltegarria da. «Begiratu gure azala, zaildua daukagu».
Hala ere, eguraldi onarekin eta presa handirik gabe, lan egiten dutenean primerako lana dela diote. «Egun horietan, kobratu gabe ere egingo genukeela esaten dugu, txantxetan».
Lan baldintza gogorrei zein ezagutza faltari aurre egiteko, eta jarduerari jarraipena emateko asmoz, Saregileen elkarteak ogibidetzat hartua izateko eskaera egin izan du, eta hortik dator Jaurlaritzarekin batera ikasketa plana eta titulazioa sortzeko ekimena.
Tresneriak eta aparailuak egitea eta mantentzea izeneko agiria eskuratzeko egin duten esfortzua balekotzat jo du Josune Renteria saregileen elkartearen ordezkariak. Hala ere, beraien eskaeren zerrendak badu segida. Izan ere, beraiena lanbidetzat hartua errazagoa izango baita lan-gaixotasunen aitortza.
Burgoari, Garalderi eta beraien ikaskideei, lehen promozioa izateagatik Patxi Lopez lehendakariak eta Pilar Unzaluz Arrantza sailburuak, eman zieten diploma. Lopezek azaldutakoaren arabera, ekitaldia egiteko tokiaren aukeraketak esanahia ere izan zuen. «Kaietako iluntasunetik atera eta jauregi honetan beharrezko tokian jarri –emakumeei eta lanbideari– ikusgarritasuna emateko.