Udal gobernuak goitik behera aldatuko du 2012ko aurrekontuaren zirriborroa
Astebetean egoera erabat aldatu dela azaldu du Javier Vitoriak, udaleko Ogasun ordezkariak. Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako aurreikuspenak ez direla bete, eta Espainiako Gobernuak indarrean jarritako dekretuek udalean “eragin zuzena” dutela ohartarazi du zinegotziak. Era horretan, aurreratuta zuten aurrekontu zirriborroa goitik behera aldatu beharko dutela aurreratu du.
Ezarri beharreko murrizketak zeintzuk izango diren zehazteko, sail guztietako zuzendariekin bilduko dira astelehenean. Sindikatuekin ere negoziazio kolektibo batean murgildurik daudela dio; hortaz, azken murrizketek udal langileen soldatetan eraginik izango ote duen “ikusi beharko” dela esan du Vitoriak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak urte amaieran egin duen zuriketaren arabera, aurreikusitakoa baino 4,7 milioi gehiago itzuli behar dizkio udalak aldundiari. Alegia, urrian aurreikusi zuten 9,5 milioi euroko itzulketari, beste 4,7 milioi gehitu behar dizkiote.
2012ko udal aurrekontua osatzerako garaian, datorren urtean udalak aldunditik jasoko zuen diru sarrera 108 milioi eurokoa izango zela finkatu zuten urrian. Diru bilketan izan den galerari erreparatuta, ordea, aurreikuspen hori betetzea zaila izango dela iradoki du Vitoriak. Horregatik, 108 milioi euroko ekarpenari bost milioi euro kentzea erabaki dute.
Aldaketa horiek guztiek udal aurrekontua berrikustera behartu dutela azaldu du zinegotziak: “Errealitatearekin bat egiten ez duten datuekin aurrekontua osatzea, gezurretan ibiltzea litzateke”, dio Javier Vitoriak.