"Gure nahia elkarrizketa da, ez hemen egotea"
Enpresa negoziatzeko prest egon arte, astero, Cementos Rezolako langileek bi orduko lanuztea egingo dute.
Bigarren astez jarraian, Añorgako Cementos Rezola fabrikako langileek lanuztea egin zuten atzo goizean. FYM enpresak indarrean dagoen lan hitzarmena betetzen ez duela salatzeko, eguerdiko 12etan lantegia erabat gelditu zen, eta bertako 150 langileetako askok parte hartu zuten ordubeteko elkarretaratzean. Jarraian, zintzilik zeuden pankartetako bat hartu eta N-1 errepidera irten ziren, beraien arazoa azaleratu eta, bereziki, añorgatarrei ezagutarazteko. Añorga Txikiraino joan, eta Errekalderaino buelta egin ondoren, sarrera itzuli ziren. Mobilizazioak iraun artean, langileen turuta hotsak eta auto ilaran pilatutakoen klaxonenak entzun ziren behin baino gehiagotan.
Pauso berak jarraituz, joan den astelehenean ekin zieten langileek mobilizazioei. “Egoera zein zen ikusita, asanblada orokorra egin, eta enpresako langile guztiek, aho batez, onartu zuten mobilizazioei ekitea”, azaldu zuen langileen batzordeko kide den Aitor Sarriegik. LABeko ordezkari den añorgatarrak hala laburbildu zuen erabaki hori hartu izanaren arrazoia: “Enpresak 2009an sinatu zuen lan hitzarmena, greba baten ondoren; eta geroztik, ez du bete. Ez igoerarik, ez kontratatzerik…”.
Urtebetez luzatu den gatazka
ELA eta LABek osatzen duten langileen batzordeak dioenez, aurten iraungiko den lan hitzarmenak enplegu plana barneratzen zuen. Horren arabera, FYMk hamar kontratatze egin behar zituen lau urteotan. 2010eko abenduan, ordea, enpresaren zuzendaritzak hori ez gauzatzeko erabakia hartu zuela jakinarazi zien, inolako aukerarik eskaini gabe. Iazko urtean egindako negoziazioen bidez akordiorik lortzen ez zutela ikusita, langileen batzordeak epaitegietara jo zuen “hitzarmenaren ez betetzea” salatzeko. Iragan abenduaren 27an ezagutzera emandako epaia euren aldekoa izan zen, eta enpresa 10 kontratatzeak gauzatzera behartzen zuen. Bi egun geroago, ordea, enpresaren zuzendaritzak behin behineko kontratua zuen emakume bat kaleratu zuen Arrigoriagan (Bizkaia). Sarriegiren hitzetan, “hizketan aritu ginenean enpresa hiru kontratatze egiteko prest agertu zen; baina ez ditu egin, eta gainetik, langile bat kaleratu du”.
Mobilizazioen bidez, beraz, kaleratutako laguna berriro har dezala eta negoziatzen has dadila eskatu nahi diote enpresari. “Asmorik ez dutela ikusten dugu. Bilerara deitu, orain bai, orain ez, azken orduan agenda arazoengatik ezin dutela esan… Hortxe gabiltza. Hau da gelditzen zaigun bide bakarra”.
Protesta ekintzek zein bilakaera izango duten aurreikusteko gai ez dira. Oraingoz, astelehenero astelehenero irtengo dira, bi orduz. Baina arazoa luzatuz gero, lehenago edo geroago, pauso bat harago joan beharko dute. “Espero dezagun horretara iritsi beharra ez izatea. Gure nahia elkarrizketa da, ez hemen egotea. Inork ez du hau gustuko”, baieztatu zuen Sarriegik. Langileen ordezkarien ustez, egoera konpontzen hasteko bide azkarrena enpresak gaizki egin izana aitortzea litzateke. “Gurekin zorra dutela onartzeko konpromisoa eskatzen diegu, hortik aurrera baldintzak berriro negoziatzeko eta akordio batera iristeko prest gaude. Baita malgu izateko ere”.
Oraingoz, ordea, ez dute emaitzarik lortu. Zuzendaritzak bere horretan jarraitzen du, eta ez die bilera egitea proposatu. “Inongo borondaterik ez dute. Hutsa. Zero. Ez dakit honek min egiten dien, baina baietz pentsatzen dut. Etsiarazi nahi bagaituzte, jai dute; hemen denak gaude”, ohartarazi zuen añorgatarrak langileen babesa gogoratuz.
Egungo gatazka lehenbailehen konpondu nahi dute langileek. Izan ere, esan bezala, lan hitzarmena aurten iraungiko baita, eta berriaren inguruan eztabaidatzen hasi beharko dute hemendik hilabete batzuetara. Ordurako egungo arazoari irtenbidea aurkitu ez badiote, beste bat pilatuko zaie eskuartean.



