Martxoan adostuko dute non eraikiko duten autobus geltokia
Jon Albizu mugikortasun zinegotziak proiektuaren inguruko azterketa guztiak aurkeztuko ditu hilabete eta erdi barru. Martxoko udalbatzarrean eztabaidatuko dute autobus geltokia Atotxan ala Loiolako Erriberan egingo duten.
Gaur, urteko lehen udalbatzarrean, Jon Albizu mugikortasun zinegotziak hilabete eta erdi barru autobus geltokia Loiolako Erriberan eraikitzeko proiektua aurkeztuko duela aurreratu du. Hedabideen aurrean egindako agerraldi batean azaldu du martxoko udalbatzarrean adostuko dutela autobus geltokia non egingo duten. Oposizioko taldeek autobus geltokia Atotxan eraikitzea adostuz gero, Loiolako Erriberako proiektua bertan behera utziko dutela esan du Albizuk.