Rockaz blai, Le Bukowskin
The Dispositives talde donostiarrak eta Peter Pan Speedrock holandarrak kontzertua eskainiko dute gaur
Rock musikak jantziko du Egiako Le Bukowski taberna gaur gauean. Izan ere, asteazkena den arren, bi kontzertuz gozatzeko aukera egongo da hiritik mugitu gabe: Peter Pan Speedrock eta The Dispositives. Lehen taldea, Peter Pan Speedrock, talde holandarra da, Eindhoven hirikoa, hain zuzen ere. The Dispositives, aldiz, talde donostiarra da.
Rock bizia jotzen dute Peter Pan Speedrockeko taldekideek, eta bateriaren erritmoa ezin azkarragoa izaten dute. Abestietako hitzek odolaz, alkoholaz, emakumeez, festaz, eta txiki geratzen ari den infernuaz hitz egiten dute, besteak beste. Hori guztia, abeslariaren ahots apurtzailearen eskutik. Motorhead, Nasville Pussy edo Turbonegro bezalako taldeekin banatu dute eszenatokia, eta Europako zein Estatu Batuetako hainbat txokotan eman dituzte kontzertuak.
The Dispositives taldeak 1990 inguruko eskandinaviar rocka bezala definitzen du bere musika. Bost lagunek osatzen dute taldea; hala, Taniaren ahotsari laguntzen diote Dani Gual eta Danel Illarramendi gitarristek, Daniel Garcia bateriak eta Maitane Alonso baxulariak. Guztiak dira donostiarrak, abeslari zestoarra ezik. Taldearen berri zehatzagoa eman dio Alonso berak Irutxuloko Hitzari. 2009 urtearen erdialdean osatu zuten taldea eta ordutik hainbat kontzertu emateko aukera izan dute, Gipuzkoako hainbat herritan. «Energia handiko rocka egiten dugu», dio Alonsok. Hala ere, Rock, pop, sould eta blues doinuak jotzen dituzte, eta The hellacopters, Turbonegro eta Gluecifer bezalako taldeekin identifikatzen dira.
Martxoan, grabatzera
Dirua biltzeko kamiseta batzuk egin dituzte, eta gaurko kontzertuan salgai jarriko dituzte. Izan ere, martxoaren 5ean euren lehen diskoaren grabaketari ekingo baitiote. «Zortzi abestik osatuko dute diskoa eta ilusio handiarekin ari gara lanean», dio Alonsok. «Asteazkena izanda ere ikusleak biltzea espero dugu, ziur nago oso ongi pasako dugula eta guztiek gozatzea espero dut».
Kontzertua
- Taldeak. Peter Pan Speedrock talde holandarra, eta The Dispositives talde donostiarra.
- Lekua. Egiako Le Bukowski.
- Eguna eta ordua. Gaur, asteazkena, 20:00etan.
- Sarrerak. 10 eurotan egongo dira salgai, eta aldez aurretik, www.redribbonmusic.com webgunean erosteko aukera egongo da.

