Illunbeko batzordearen lehenengo bilera hilabete bukaeran izango da
Illunbeko aisi gunearen etorkizuna erabakitzeko osatu den ezohiko batzordeak otsailaren 28an ala 29an egingo duela lehenengo bilera azaldu du Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaile eta batzordeko presidenteak.
Lehenengo bileran Illunbeko txostena koordinatu duen teknikariak parte hartzea nahiko luke Gascok, egungo egoeraren berri eman dezan. Bileretan nork parte hartu behar duen zehazteko, gutuna bidali dio udal talde bakoitzari, nork parte hartu behar duen erabaki eta egutegi bat finkatzeko.
Batzordearen helburua azpiegiturari behar duen etekina ateratzea dela dio Gascok, orain arte bete duen funtzioa alboratu gabe betiere. Alegia, Gipuzkoa Basketek Illunben jarraitu behar duela azaldu du. Kirol taldeko ordezkariek ere batzordean parte hartzeko aukera izango dute, «dituzten behar eta zailtasunak aurkezteko».
Autobus geltokia
PSE-EEko bozeramaileak, bestalde, Bilbon lur azpiko autobus geltokia egiteko lehiaketa abian dutela jakinarazi du. «Bilbo aurrera doan bitartean, Donostia geldirik» dagoela dio. Atotxako autobus geltokiko lanei lehenbailehen ekiteko eskatu zuten udal talde guztiek osoko bilkuran, eta Bilduk «entzungor» egin duela adierazi du Ernesto Gascok.
