Fiskaltzak ia 3 urteko kartzela zigorra eskatu du emakume bati indarkeriaz lapurtzen saiatu zen gizon batentzat
Loiolako Eusko Tren geltokian, ustez emakumea arrastaka eraman eta burua trenbidearen gainean jarri zion.
Bi urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak emakume bati indarkeriaz lapurtzen saiatu zen gizon batentzat. Iazko urriaren 31n, Loiolako Eusko Tren geltokian saiatu zen, ustez, lapurreta egiten. Auzipetuta dagoen gizona biktimarengana hurbildu, eta tren ordutegien inguruan galderak egiten hasi zitzaion, eta ondoren dirua eskatu zion. Emakumeak ezetz esan zion, ez zuela dirurik, eta orduan, gizonak burutik heldu zion indarrez. Ondoren geltokiko nasaraino arrastaka eraman zuen biktima, eta burua trenbidearen gainean jarri zion. Behin eta berriz dirua emateko eskatu zion. Emakumea laguntza eske hasi zen, eta auzipetutako gizonak labana atera zuen. Geltokian zegoen beste emakume batek gertatutakoa ikusi eta garraxika hasi zen. Biktimak orduan lortu zuen ustezko erasotzailearengandik urruntzea.