Lapatxen sortutako konposta hirian erabiltzearen aldekoa da PSE-EE
Gros eta Amarako edukiontzi marroietan jasotzen den zabor organikoa Azpeitiako Lapatx konpost plantara bidaltzen da. Bertan sortutako konpostarekin, ordea, zer egiten den ez dakitela dio Denis Itxaso PSE-EEko zinegotziak.
Hiriko parke eta lorategietan ongarri gisa erabiltzeko aproposa izan daitekeela iradoki du. Aurreko agintaldian Amaran bildutako hondakin organikoarekin 250 metro kubiko konpost bota zituzten Loiolako Erriberako Oroimenaren Lorategian. Horrelako ekimenek herritarren artean zaborra bereizi eta birziklatzeko gogoa pizten dutela azaldu du Denis Itxasok.