Plazarik plaza, ohitura zaharra berritzeko
Lehiakide eta aurkari gogorrak izango dituzte Santa Ageda bezperan kantari irteten direnek. Entzuleen arreta bereganatzen kalderero tribuekin arituko dira norgehiagoka bizian, bihar. Kontra, ordea, meteorologia zerbitzuek iragarritako eguraldi petrala edukiko dute. Besteak beste, Loiolako Erriberan entzungo dira eskean dabiltzanen koplak eta makila hotsak. Loiolako Erriberako auzo elkartearen euskara batzordeak antolatzen du Santa Ageda bezperako ekimena. Eta koplan esaten den moduan, «oles egitera» eta kantatzera irtengo dira larunbatean, 19:30ean, Santiago plazatik abiatuta. Bestalde, kantuak aterik ate ohitura zaharra/ aurten berritzeko asmoz esaten badu, taldeko Nuria Rodriguezek azaltzen duenez, beraiek ere asmo bera daukate. Duela hiru urte heldu zioten auzoan tradizio zaharrari. «Euskal tradizioak mantentzeko beharra ikusita ekin genion honi». Izan ere, «auzo berrian jendea gauzak egiteko animoz» baitago.
Aterik ate ibiltzeaz mintzo da Santa Ageda bezperaren kopla, hala ere, plazarik plaza ibiliko dira erriberatarrak. «Sei edo zortzi geldialdi egingo ditugu, euririk edo elurrik egiten ez badu auzoko plazetan, bestela arkupeetan».
Aurreko bi urteetako esperientzia gogoan dauka Rodriguezek. «Oso-oso gustura ibili gara». Hamar-hamabi lagun elkartu izan dira kantari ibiltzeko 2010ean eta 2011n. Asteartean egin zuten aurtengo entsegu bakarra; bospasei lagun besterik bildu ez baziren ere, larunbatean hamarrera iristea ez dute baztertzen. Bestalde, nahiz eta kantariak dozena inguru izan, auzotarrek ere parte hartu ohi dute. «Jendea balkoietara irteten da guri entzutera».
Tradizioa mantentzearen aldekoak izanik, bada aldatu duten zerbait. Santa Ageda bezperan eskean ibiltzen ziren koadriletako askok bildutakoa afari bat egiteko erabiltzen zuten. Rodriguezek, berriz, hori ezberdin egiten dutela nabarmendu du. «Guk, bukatzean, elkarrekin afalduko dugu, baina gure poltsikoko diruarekin ordaintzen dugu». Izan ere, kantuzaleen izarara auzokideek botatzen duten dirua lankidetza elkarteren batera eman ohi baitiote. «Azkeneko bi urteetan Haitira bidali genuen bildutako dirua». Aurten, berriz, Etiopia Utopia lankidetza taldeari emango diote. Santa Ageda bezperako eskea iragartzeko «karteletan jarri dugu ere».
Hiriko beste guneetan ere Hiriko beste hainbat gunetan ere ibiliko dira eskean, besteak beste, Parte Zaharrean eta Antiguan. Ikatz kaleko Arrano Beltza Euskal Tokiak Santa Ageda bezpera girotzeko kantu eta kopla saioa antolatu du. Kale horretatik 20:40ean irtengo dira, Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsolariak lagun dituztela.
Antiguan, berriz, 18:30ean egingo dute kantu saioari hasiera emango dion afari-merienda. Kasu honetan Antiguotarrak elkarteak antolatu du ekitaldia, eta besteetan ez bezala, kaldereroak ez dituzte lehiakide izango auzo horretara datorren astean iritsiko direlako.