Uxotegiko ezohiko batzordeak etzi egingo du lehenengo bilera
Ramon Gomez PPko bozeramaile eta Uxotegiren afera argitzeko eratu den ezohiko batzordeko presidenteak argitu duenez, Gaztelubide bideko 5. atariko okupazioaren inguruko nondik norakoak mahai gainean jartzeko lehenengo bilera etzi egingo dute, 12:30ean.
Batzordearen dinamika nolakoa izango den finkatzeko bilera izango dela azaldu du Ramon Gomezek. Astero egin nahiko lituzkeela zehaztu du presidenteak, maiztasuna, ordea, denen artean finkatu beharko dutela esan du. Horretaz gain, batzordekideen aurrean nork agertu behar duen erabaki beharko dutela gaineratu du. Udal talde bakoitzak bihar arte izango du proposamenak aurkezteko aukera.
Ramon Gomezek parte har dezaketenen izenik aurreratu nahi izan ez duen arren, alkateak eta bere idazkaria den Josetxo Ibazetak parte hartuko dutela azaldu du. Juan Karlos Izagirre udaleko arduradun nagusi gisa eman beharko ditu azalpenak; Josetxo Ibazetak, berriz, okupazioaren egunean udaltzain eta gazteen artean bitartekari lanetan aritzeagatik.


