Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek euskal kultura Berlinen zabalduko dute
Berlinale zinemaldian, mahai-ingurua eta euskal produktuen erakusketa egingo dituzte, besteak beste
Elkarlanean lotu dira Eusko Jaurlaritza eta Basque Culinary Center. Helburua argia da, euskal kulturaren berri ematea Berlinen. Horretarako, Berlinale zinemaldia dela eta, hainbat ekitaldi egingo dituzte, euskal gizartearen, kulturaren eta gastronomiaren berri emateko, Basque day izenekoan. Hori guztia Donostiako Zinemaldiaren Culinary Zinema eta Berlinaleko Kulinarisches Kino sailen lankidetzaren emaitza izango da.
Espainiaren Berlingo Enbaxadan egingo dute astelehenean jarduera. Batetik, 11:30ean, Gastronomia, artea eta gizartea izenburupean, mahai-ingurua egingo dute. Honakoak izango dira hizlariak: Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendaria, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria, Andoni Luis Aduriz sukaldari egiatarra, Elena Arzak sukaldari intxaurrondotarra, Eneko Atxa sukaldari amorebietarra eta Thomas Struck Kulinarishes Kino saileko zuzendaria. Bestetik, erakusketa bat ere egingo dute, euskal nekazal produktuen erakusle. Bertan, 100 lagun inguru biltzea espero dute, eta guztientzako Elena Arzakek guztientzako pintxoak egingo ditu, beraien aurrean. Etxepare institutuak, aldiz, Felipe Ugarte musikariaren emanaldia antolatu du; Andoni Luis Adurizen Mugaritz BSO filmeko musikaren egilea. Azkenik, gauean, Adurizen filma eman ondoren, 200 lagunentzako afaria prestatuko du sukaldariak berak. Basque Culinary Center eta Euskadi, Goza ezazu kanpainaren babesarekin.


