Ez zorpetzea da udal gobernuak ezarri duen lehentasuna
Javier Vitoria udaleko Ogasun ordezkariak ez du aurtengo udal aurrekontuaren zirriborroa aurkeztu baina ardatz nagusiak zeintzuk izango diren argitu ditu ogasun batzordean. Udal gobernuaren lehentasun nagusia udala ez zorpetzea izango dela jakinarazi du. «Ziur gaude ekitaldia defizit gabe eta aurrekontu orekarekin itxiko dugula» baieztatu du Ogasun ordezkariak. Hala eta guztiz ere, oraindik ere, 2009ko Foru Funtseko 27 milioi euroetatik 4,17 milioi euro geratuko dira itzultzeko.
Zuhurtzia irizpideak jarraituta, foru aurreikuspenak baino zertxobait ezkorragoak izatea erabaki dute udal arduradunek. Hala, aurtengo foru ekarpena 108 milioi eurotan oinarritu beharrean, bost milioi gutxiago aurreikusi eta 103 milioi eurorekin osatuko dute aurrekontua. Hasierako aurrekontu proiektua 108 milioi euroko aurreikuspenean oinarrituta zegoenez, bost milioi euro txikitu behar izan dute. Murrizketa horiek ezartzeko udaleko sail eta organo guztietako zuzendariekin elkartu dira. Aldaketa handienak eguneroko funtzionamendu nahiz diru-laguntza eta transferentzia ataletan egingo dituztela azaldu du Vitoriak.
Aldaketa horiek eginda, aurrekontu zirriborroa «ahal bezain azkar» aurkeztuko dutela adierazi du ordezkariak.