Hamar urteko lanaren emaitza
Josemari Salaberriak erakusketa zabaldu du Okendo kultur etxean, margolan, marrazki eta eskultura mugikorrekin
«Azken hamar urteotan egindako lana jarri dut erakusgai areto honetan, orduan izan baitzen Donostian erakusketa bat zabaldu nuen azken aldia», azaldu du Josemari Salaberriak, Okendo kultur etxean zabaldu berri duen erakusketan. Alde batetik, duela hamar urte ikusgai jarritako lanak jarri ditu, eta bestetik, urteotan sortutakoak. Tangerren (Maroko) jaioa da Salaberria, bere aita pilotaria zenez, asko bidaiatzen zutelako. Hamabost urte zituela Kanarietara (Espainia) joan zen bizitzera, baina aspaldi honetan Euskal Herrian bizi da; gaur egun, zehazki, Loiolako Erriberan.
Ia denetik bildu du artista autodidaktak Groseko erakustokian: taula gainean egindako tamaina ertaineko margolan akrilikoak, marrazki txikiak eta eskultura mugikorrak. Guztira, 65 artelanek osatzen dute erakusketa, bakoitza bere berezitasunarekin. Kutxetan sartutako artelan batzuk ere badaude; bertan eskultura txikiak eta koaderno bereziak sartu ditu.
Arreta gehien deitzen dutenak eskultura mugikorrak dira. Motor banaren bidez, minutu baten bueltan mugitu egiten dira piezetako asko, eta ondoren, zortzi minutuz berriro gelditu egiten dira. «Motorrak nahiko hauskorrak dira eta hobe dute atseden hartzea». Gainera, birziklatutako eta berrerabilitako materialez osatuta daude: plastikoa, aluminioa, zeramika, torlojuak, buztin zurizko piezak, kartoizko ontziak…
Tentu handiz egindakoak
Artistak berak ere ez du zehazten jakin zein den erakusketaren gaia; «labirintoak izan daitezke, irteera aurkitzea zaila izan daitekeen labirintoak». Hala, lanen esanahia aurkitzeko erantzunak behar direla esan du. «Galderak dira, lan prozesua hori baita, zure buruari galderak egitea eta erantzuten saiatzea, irudien eta formen bidez». Artistaren hitzetan, erakusketarik egin gabeko hamar urteko atsedenaldia lan mantsoaren ondorioa da. «Nire lana oso prozesu mantsoa da. Margotzen eta marrazten aldi berean aritzen naiz, eta ez dut sekula koadro bat zuzenean bukatzen; denbora tarte luzean berriro ukituak ematen aritzen bainaiz. Beraz, nire ekoizpena oso eskasa da», onartu du egileak. Hala, eskultura mugikor batzuk egiteko, adibidez, zazpi urte behar izan dituela dio. «Denborak elkarlotutako modulu txikiak dira», gehitu du. Hala, bere teknika zehaztasun handikoa dela argitu du. «Nire teknika zehaztasun handikoa da, pintzel oso txikiekin margotzen baitut. Xehetasun txikiak egiten ditut, eta margo batzuk egiten hiru urte pasa ditut». Gainera, sekula ez dakiela noiz geratu den artela batekin gustura onartu du. «Lan batzuk oraindik ez ditut itxi, tamaina handiko margolan batzuei oraindik irtenbidea bila diezaieket».
Eskultura mugikorren artean, Metropolis izenekoa nabarmendu du Salaberriak. «Oso ongi funtzionatzen du», dio harro. Gainera, pieza batzuk mugitzeaz gain, musika ere gehitu dio lan horri. «Nik neuk sortutako soinuak eta musika jarri dizkiot»; azaldu duenez, autore eskubideengatik ezin baitu besteen musikarik erabili. Bestetik, sortzaileak badu bereziki maite duen margolan bat. «Nire amari eskainitako koadro bat daukat. Sortze prozesuan hil zen bera eta beretzako opari baten modukoa izan da. Askotan etortzen zen margotzen ari nintzela aulki gurpildunean ikustera, eta asko gustatzen zitzaion».
Erakusketa, Josemari Salaberria
- Zer. Josemari Salaberriaren erakusketa. Bere 65 sorkuntza biltzen ditu: Akrilikoak, marrazkiak eta eskultura mugikorrak.
- Non. Groseko Okendo kultur etxean.
- Noiz. Martxoaren 17ra arte. Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era. Larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.

