Hitzarmena ez betetzeagatik epaitegietara jotzeko eskatu dio EAJk Bilduri
Udalaren eta Hondakin Partzuergoaren arteko akordioa etetea «alde bakarreko erabakia» izan dela diote jeltzaleek
Udal gobernuak «ez du hiriaren interesen alde egiten», esan du Iñaki Gurrutxaga EAJko zinegotziak. Askotan aldundiko ordezkari gisa ari direla erantsi du zinegotziak. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak Donostiako Udalarekin zuen hitzarmena eteteko erabakia da jeltzalearen kritiken iturburua. «Alde bakarrekoa» izan dela eta Udalbatzak hartutako erabakiaren kontra egiten duela salatu du Gurrutxagak. Hitzarmena urratzeak, gainera, diru sarreretan ondorio ekonomiko zuzena duela azaldu du, udalak ez dituelako milioi bat euro eskuratu. Horregatik, epaitegietara jotzeko eskaera egingo dio EAJk udal gobernuari.
Udalaren eta Gipuzkoako Hondakin Partzuergoaren arteko akordioak Eskuzaitzetako eremuarekin duela lotura azpimarratu du Gurrutxagak, alegia, «errauste plantaren ondoko» lursailarekin. Hitzarmen horren bitartez, Zubieta gaineko gune hori urbanizatu, Hondakinen Partzuergoak hartuko dituen lur eremuak zehaztu eta, eragindako ingurumen kalteen ordainetan, Donostiako Udalak hurrengo 20 urteetan ingurumenaren aldeko neurriak hartzeko ekarpena jasoko zuela adostu zuten.
Hitzarmena eteteko erabakia hartu zenean, Bilduko udal ordezkariek izan zuten jokabidea kritikatu du, Udalbatzaren erabakiaren kontra egiteagatik.
