Marivi Ibarrolak Amara eta musika lotuko dituen erakusketa egingo du martxoan, Ernest Lluchen
Errioxan jaio eta Donostian hazitako argazkilaria da Marivi Ibarrola argazkilaria. 80ko hamarkadan egindako argazki bilduma amaigabea du. Hainbat musika aldizkaritan argitaratu zituen bere irudiak. Gehienak kontzertu eta musika taldeei egindakoak badira ere, garai hartako egunerokoa eta hiri paisaiak ere islatu zituen. Ezagunak dira, besteak beste, Ignacio Gasca Poch musikari donostiarra zenari egindako argazkiak. Amaran 80ko hamarkadan bizi zen musika giroaren lekuko ere izan zen Ibarrola: «Musika jaialdiak egiten ziren, kontzertuak egiten ziren tabernetan… Auzoan sekulako musika giroa zegoen».
Iaz Ernest Lluch kultur etxean Amara auzoaren memoria berreskuratzeko asmoz Amarauna proiektua aurkeztu zuten. Argazki bilduma erraldoia osatu zuten, eta bertan Ibarrolak auzoan egindako zenbait irudi jaso zituzten. Martxoan, erakusketa areto berean, Amara eta musika lotuko dituen proiektua aurkeztuko du. Amarako tren geltoki zaharra, Belodromoko kontzertuak, musika taldeak… Amara bakarrik ez, hirian egindako beste zenbait irudi ere erakutsiko ditu. Martuteneko espetxe barruan egindako irudi bat, eta Bizente Ameztoi margolariaren erretratu bat, besteak beste.
‘Yo dispare en los 80’ liburua
Marivi Ibarrolak bere lehen argazki liburua argitaratu berri du: Yo dispare en los 80 (Munster Records, 2012). Duncan Dhu, Los No, Loquillo, Antonio Vega, Basura, Alaska, Angel y Las Guays, Andy Warhol, Siniestro Total, Radio Futura, Kortatu, Poch eta Derribos Arias… Hamaika protagonista ditu argitalpenak: «Garai hartan leku guztietan, kontzertu eta festa guztietan, sartzen nintzen nire argazki kamerarekin. Egun gauzak bestelakoak dira», azaldu du Ibarrolak. Gainera, 80ko hamarkada bizi zuten musikari eta kazetariek argitu dituzte liburuan jasotako argazkien sekretuak. Donostiako Zinemaldian egindako irudi bat ere agertzen da. Imanol Ariasek eta Imanol Uribek Mikelen heriotza filma aurkeztu zutenekoa.