Juan Ignacio Garcia-Velilla: "Urteko helburua izaten da, denak han egoten baitira"
Juan Ignacio Garcia-Velilla, Altxerri arte galeriako arduraduna
Arco, Nazioarteko Arte Garaikidearen Azoka, otsailaren 15etik 19ra egingo dute Madrilen; Altxerri izango da bertan izango den Gipuzkoako galeria bakarra.
Altxerri arte galeriako arduraduna da Juan Ignacio Garcia-Velilla (Amara, 1953), eta oso ongi ezagutzen du Arco azoka entzutetsua. Dirua galdu arren, galerientzat bertan egotea ezinbestekoa dela dio. Aurten, Donostiako galeriak hiru artistaren lanak eramango ditu Madrilera: Esther Ferrer donostiarrarena, Azpirozen bizi den Elena Asins madrildarrarena eta Jordi Teixidor valentziarrarena. Aukeraketa «deigarria» egin dutela dio Altxerriko arduradunak, eta xehetasun guztien berri eman dio IRUTXULOKO HITZAri.
Oso gogorra izaten da Arcon egoteko galerien aukeraketa prozesua?
Galerientzako azoka da. Beraz, artistek ezin dute euren kontura joan, eta museo batek ere ezin du artista bat aurkeztu. Galerista batzuek aukeraketa batzordea osatzen dute, eta galeriak euren ospearen arabera hautatzen dituzte. Hala ere, azokako zuzendariak beraien iritziarekin bat egin behar du. Kokapen geografikoa ere kontuan hartzen dute, galeria bakoitza bere inguruaren ahotsa izatea nahi dutelako; inguruko artistak hobeto ezagutuko dituztela suposatzen dute. Aurten 200 galeria egongo gara, eta 500 eskaera baino gehiago izango zituzten.
Hogei bat urte daramatzazue Arcon parte hartzen. Lehen aldiz sartzea zaila izango zen, ezta?
Ez. Lehen erraza zen sartzea, baina orain geroz eta zailagoa da. Azoka asko hazi da, zorrotzagoa da gainera, eta nazioarteko eskaera handia du. Horren lekuko da 20 urtez azokan egon diren galeriak ez dituztela onartu.
Badakizu hautatze prozesuan zer izaten den bereziki kontuan hartzen dutena?
Bai. Batzordeak bete beharreko hainbat neurri jartzen ditu, eta gauza asko baloratzen dituzte; zer egin duzun artista batekin eta nolakoa izan den bere nazioarteko ibilbidea, ea katalogorik osatu duzun, lan hori museotan ikusteko aukerarik egon den… hau da, kultur balorazioa egiten dute, zure artistak mugitu dituzun eta prentsan ateratzea lortu duzun kontuan hartuz.
Azken batean, luxu bat da Arcon egotea, ezta?
Bertan egon beharra dago, gaizki badihoakizu ere. Galeria mota batentzako azoka da, garaikideentzat, eta oso arte gutxitua da. Hiri handietan izan ezik, aukera gutxi daude galerientzat. Beraz, halako azokak beharrezkoak dira, bestela ezin dituzu zure artistak mugitu. Donostia, esaterako, oso hiri txikia da, eta badaude ezer ere saltzen ez dugun erakusketak, jende gutxik baitu halako gauzen interesa. Azoka batean, berriz, kritikariak egoten dira, galeristak, museotako arduradunak… hor gertatzen dira gauzak. Bildumagileek, esaterako, ezin dituzte galeria guztiak bisitatu, baina azoketan galeria bakoitzeko interesgarriena topa dezakete. Beraz, bai galerientzako bai bildumagileentzako oso jarduera garrantzitsua da. Azokan egoteko ahal dugun guztia egiten dugu, galerien Championsa baita.
Irabaziak lortzen dituzue orduan?
Guk 2009an, esaterako, diru asko galdu genuen, 20.000 euro edo. Beraz, irabazi ekonomikoa ez da segituan lortzen. Bertan egon beharra duzu, galeria garrantzitsuekin, guztien aurrean, aukeraketa baten modukoa baita.
Nola aukeratzen dituzue eraman beharreko artistak?
Gustuko ditugulako hautatzen ditugu, eta azokan parte hartzeko eskaera egiten dugunean beraien berri ematen dugu. Gauza bat eramango duzula badiozu eta ez baduzu betetzen, standa itxi diezazukete. Kontu handiz ibili beharra dago, eta aurkezpena ongi zaindu behar da.
Eta zein lan eramaten dituzue?
Nahi adina lan eraman ditzakezu. Guk, aurten, seguraski artista bakoitzaren hamar artelan eramango ditugu. Asinsen lanak handiak direnez, berak beteko du gure stand erdia. Artisten obrek arnasa hartu beharra dute. Beraz, artista bakarraren lana eramatea asko baloratzen dute.
Hiru artisten lanak eramango dituzue aurten.
Bai, Elena Asins, Esther Ferrer eta Jordi Teixidor. Elena Asins orain ari da ezaguna egiten, baina, 2001ean, Altxerrin bere erakusketa bat zabaldu genuen, Arcora bere lana eraman genuen eta katalogo bat ere egin genion. Orain, 2011eko Espainiako Sari Nazionala jaso du, La Caixaren 30.000 euroko saria jaso du, eta Reina Sofian bere erakusketa zabaldu dute. Galeriek halako apustuak egin behar izaten ditugu, eta egingo ez balira, artista askoren lanak huts egingo luke. Serie zalea da. Esther Ferrer, berriz, donostiarra da, baina egun Parisen bizi da. Bera ere Espainiako Sari Nazioanala jasotakoa da eta bere lan ezezagunetako batekin joango gara. Bestetik, Jordi Teixidor, askotan gurean izan den artista.
Nola moldatzen zarete obrak eramateko?
Furgoneta bat alokatu, eta dena bertan eramateko moldatzen gara. Mahaia eta aulkiak ere eraman behar izaten ditugu.
Lan handia izaten duzue azoka aurreko egunetan?
Bai, bai! Beti zerbaitek huts egiten du, gauza batzuk ez dira espero bezala ateratzen, bezeroak hona etortzen zaizkigu sarrerak eskatzera, artisten kexak izaten ditugu… beti izaten da zerbait azken egunetan, baina normala da.
Stand guztiak berdinak izaten dira?
Ez, tamaina askotako standak egoten dira. Gureak 57 metro koadro izango ditu eta grisez margotuko dugu. Metro koadro bakoitzarengatik ordaindu behar izaten dugu, eta 20.000 euro inguru izan dira aurtengoan.
Zer suposatzen du bai galeriarentzat bai artistentzat Arcon egoteak?
Urteko helburua izaten da, denak han egoten baitira. Deus saltzen ez baduzu ere, datorren urtean itzultzeko prest egoten zara, ahal baduzu behintzat. Eusko Jaurlaritzak diru-laguntza txiki bat ematen digu, baina dena aurretik ordaindu beharra dago.
Nolakoa da Arco?
Ikuskizun handi bat da eta Europako hirugarren azokarik garrantzitsuena izango da. Krisi garaian azokak klasikoagoak izaten dira, probokazio eta esperimentazio gutxikoak. Bildumagileak baino gehiago inbertsoreak joaten dira halako garaian. Beraz, izen handiko artistak bilatzen dituzte.
Artistak bertan egoten dira?
Normalean han izaten dira, baina Asins oso lanpetua dago, eta Ferrerrek ere asko bidaiatzen du. Jordi Teixidor bai, joango da. Bereziki artista gazteentzat garrantzitsua izaten da hara joatea, obrarik eramaten ez badute ere.
Nola antolatzen zarete egunez egun?
Astelehena eta asteartea muntaiarako izaten dira, eta asteazkenean inauguratu egiten dute. Azokako lehen bi egunak bildumagileentzat izaten dira, eta hurrengo hiru egunak publiko orokorrarentzat izaten dira. Munduan pertsona gehien biltzen dituen azoka da Arco, eta hori arazo handia da. 20.000 bisitari inguru joaten dira, eta horregatik sarreren prezioa igo egin dute, jende gutxiago joan dadin. Izan ere, asko jakinminagatik joaten dira. Beraz, lehen bi egunak izaten dira garrantzitsuenak, bildumagileentzat bakarrik izaten direlako.
Arco, nazioarteko arte garaikidearen azoka
- Zer. Arco, Nazioarteko Arte Garaikidearen Azoka. 30 herrialde baino gehiagotako 200 arte galeriek parte hartuko dute.
- Non. Madrilen.
- Noiz. Otsailaren 15etik 19ra.