Ernesto Gasco ez dela EAJren botoekin alkate izango adierazi du Eneko Goiak
PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok Juan Karlos Izagirre alkatearen eta Bilduko udal gobernuaren aurka zentsura mozioa aurkezteko aukera jarri du mahai gainean. Bilduk donostiarren behar eta interesei baino, «alderdiaren interesei» ematen diela lehentasuna salatu du. Hiriak «zabalagoa» den eta hiriarentzat mesedegarri diren gaietan «ados jartzeko gai» den gobernua behar duela jakinarazi du Gascok. Bildu alboratzeko, PSE-EEko udal taldeak PP izan dezake bidelagun; EAJk, aitzitik, alderdi sozialistaren nahiarekin oraingoz bat egingo ez duela argi utzi du Eneko Goia EAJko bozeramaileak.
Ernesto Gascok hiriko alkate izateko duen gogoa «zilegi eta jakina» dela jakinarazi du Eneko Goiak: «Alkate izateko gogo handia du Ernesto Gascok, baina ez zen ezta hautagai ere izan; EAJren botoekin, behinik behin, ez da alkate izango; lasai dadila, beraz».
Zentsura mozioaren alde egin eta Ernesto Gasco alkate izendatzeko une honetan inolako premiarik ez dagoela uste du EAJko bozeramaileak. «Duela zortzi hilabete egin ziren udal eta foru hauteskundeetan boto gehien jaso zuen alderdiko alkatea du hiriak», plazaratu du. EAJko bozeramailearen hitzetan, «egungo egoera aldatu nahiak ez gaitu oposizioko hiru indarrak batu eta operazio arraro batzuetan sartzera bultzatuko».
Gobernu aldaketa hiriarentzako baino beste alderdientzat izango litzatekeela mesedegarri erantsi du Eneko Goiak. Era berean, EAJ ez dela Juan Karlos Izagirreren ala Ernesto Gascoren alde egiteko jokoan sartuko nabarmendu du. «EAJ alkate izendatzeko egunean izan zuen jarrerarekin zintzoa da, bere hautagaiari eman baitzion botoa; ez bata eta ez besteari», jakinarazi du.
Dena den, oraindik agintaldi osoa aurretik dagoela eta lau urtetan edozer gerta daitekeela adierazi du udal taldeko bozeramaileak.
Hirurak bat
PP udal taldearen jarrera bestelakoa da. Ramon Gomez bozeramaileak gogora ekarri duenez, ekainaren 11n, alkate aukeraketa saioan, PSE-EEko ordezkariaren alde egin zuten. Geroztik donostiarren beharren alde pentsatuko duen udal gobernu «sendo» bat izateko beharra agerian geratu dela jakinarazi du. Alderdi bakoitzaren estrategiak albo batera utzita, hiru alderdien artean (PSE-EE, PP eta EAJ) Donostiaren erronkei aurre egitea posible dela nabarmendu du Ramon Gomezek.
PPko bozeramaileak dei zuzena egin die jeltzaleei: «Begira diezaiotela hirian duten ardurari, bat egiten gaituena bereizten gaituena baino handiagoa baita. Gutxiengoa duen gobernuak ezin du hiria gidatu, ez baitira gai aurrekontua garaiz aurkezteko ere, ezta hirigintza proiektuak garatzeko kapaz».


