Iñigo Imaz: "Madril oso aurkari gogorra da, baina edozer gauza gerta daiteke"
Pegamo Bera Bera Errugbi taldea Ohorezko Mailara igotzeko ‘play off’erako sailkatu da
Pegamo Bera Bera Ohorezko B Mailako Liga jokatzen ari da, iaz jaitsiera bizi ostean. Edonola ere, berriro ere gorengo mailara itzultzea da taldearen nahia, eta horretarako borrokan ari da. Momentu honetan, bere multzoko bigarren postuan dago Ligan Donostiako taldea, 44 punturekin. Liderra, berriz, Hernani da, 64 punturekin. Bi taldeek badakite dagoeneko igoera lortzeko play offerako sailkatuak daudela, eta ez dute besterik buruan, igoera. Hala, Irutxuloko Hitzak jakin duenez,bi taldeak elkarrekin entrenatzen dute Anoetan. «Prestaketa berezia egiten ari gara Hernanirekin, asteartero elkarrekin entrenatzen dugu; biek helburu bera baitugu», dio Iñigo Imaz Pegamoko entrenatzaileak.
Bai talde batentzat bai bestearentzat onuragarria izango da elkarrekin jardutea. Izan ere, Pegamokoek ongi baino hobeto ezagutzen dute goi mailako Liga; Hernanikoek, berriz, azken urteetan behin baino gehiagotan jokatu dute igoera fasea, helburua lortu ez badute ere. «Zaila da igotzea, beraiek ere saiatu izan dira, eta bi partidatan edozer gerta daiteke».
Orokorrean taldea ongi moldatu dela uste du Imazek. «Bigarren postuan gaude, baina talde erdia baino gehiago aldatu dugu eta gustura gaude». Hala, play offean sartzeko helburua bete dutenez, igotzea baino ez zaie falta.
Bi aukera izango ditu
Ohorezko B Maila bi multzotan banatua dago. Hala, multzo bakoitzeko lehenengo bi sailkatuek beste multzoko lehenengo bi sailkatuen aurka neurtuko dituzte indarrak. Bi irabazleek zuzenean lortuko dute igoera, eta hori da Pegamoren ametsa. «Madril oso aurkari gogorra da, baina edozer gauza gerta daiteke. Zaila da, baina lor dezakegu». Hala ere, hirugarren batek ere lor dezake igoera. Izan ere, partida horietako bi galtzaileek partida bat jokatuko dute euren artean. Hala, irabazleak igotzeko bigarren aukera bat izango du, Ohorezko Mailako azken sailkatuari irabaziz gero. Martxoaren 4ean, Anoetan jokatuko du Pegamok Madril CRCren aurka, eta martxoaren 18an izango dute itzulerakoa, Madrilen.



