Euskara ikasleak bertsolaritzara erakarri nahi dituzte
Euskal Herriko Bertsozale elkarteak eta AEKren Praktikatu egitasmoak Bideokopla Lehiaketa abian jarri dute.
Euskara ikasleak bertsolaritzaren mundura erakarri, eta bertsoek euskaraz egiteko eskaintzen dituzten aukerak erakutsi nahi dituzte. Bideokopla lehiaketaren sorrera 17. Korrikaren barruan antolatutako Euskalakari Koplari txapelketaren arrakastarekin lotu behar da. Ekimen hura Bertsozale elkartea eta Korrikaren arteko lankidetza izan zen. oraingo honetan AEKren Praktikatu egitasmoak hartu dio lekukoa Korrikari.
Lehiaketak koplak oinarri gisa hartuta, bideo bat egitean datza. Bi lagunetik gorako taldeetan bildutako lehiakideek sei koplatik hamabira bitarteko sorta bat osatu beharko dute, eta bideo bat grabatu. ‘Euskaraz bizi nahi dut, dugu, duzu, zaitut’ gaia hartu beharko dute ardatz gisa. Doinua librea da.
Lehiaketa helduen euskalduntzeko zein mintzapraktika egitasmoetako edozein erakundetan dabiltzan taldeentzako da, baina bertsolari baten laguntza izan dezakete; hala eskatuz gero. Hain zuzen, AEK eta Bertsozale elkartearen arteko hitzarmenari esker Euskal Herri osoko bertso eskolak prest izango dira euren laguntza behar duen edozein talderekin aritzeko.
Bideoak praktikatuaek@gmail.com helbidera bidali beharko dira martxoaren 25a baino lehen. Saria talde irabazlearentzako bertso-afari edo afari bat izango da. Epaimahaia Bertsozale elkartea izango da, baina edonork izango du bere gustuko bideoari botoa emateko aukera Praktikatu AEKren Facebook orrialdean.