Poesia topaketak Koldo Mitxelenan
Koldo Mitxelena kulturuneak eta Irungo Kabigorri elkarteak poesia topaketa antolatu dute ‘Hitza badugu’ lelopean. Aurtengoa bosgarren ekitaldia da jada. Euskarazko eta gaztelaniazko proposamenak ekarriko dituzte Koldo Mitxelenara. Errezitaldi guztiak 19:30ean izango dira.
Bihar, asteartea, Leire Bilbaok bere bigarren poema liburuko testuak irakurriko ditu. Scanner izena du idazlearen euskarazko azken argitalpenak. Domentx Ucin biolin jotzailea izango du lagun. Asteazkenean, bi poema liburutan oinarritutako errezitaldia aurkeztuko dute: Tere Irastortzaren Orain badakit eta Karmele Igartuaren Itsaso Kontra bat. Irastortzak berak eta Itziar Gomezek irakurriko dituzte poemak. Izaskun Etxeberriak Igartuaren Itsaso Kontra bat libururako egindako argazkiak ere aurkeztuko dituzte emanaldian. Aitor Furundarenak eta Iñaki Telleriak libururako konposaturiko musika ere joko dute.
Ostegunean eta ostiralean Irungo Kabigorriko lagunak izango dira Koldo Mitxelenan: Javi Sistiaga (errezitatzailea), Esther Barandiaran (pianista), Raffaela Acella (biolina) eta Ian Swedlund (biolontxelo jotzailea). La noche roja errezitaldia aurkeztuko dute ostegunean; Anna Ajmatova, Boris Pasternark, Osip Mandelshtam eta Marina Tsvetaeva olerkarien poemetatik abiatutako emanaldia izango da. Ostiralean, berriz, musikaren historiako opera ariatan oinarritutako poesia errezitaldia egingo dute.