Realak merezitako garaipena lortu du Anoetan Sevillaren aurka (2-0)
http://youtu.be/jBRUYB2aTPo
Realak merezitako garaipena eskuratu du Anoetan, Sevillaren aurka (2-0). Txuri-urdinek bost minututan erabaki dute norgehiagoka bigarren zatian, Carlos Vela eta Ruben Pardo gaztearen gol ederrei esker. Andaluziarrek entrenatzaile berria ekarri dute, Getafeko entrenatzaile ohi Michel, baina itxura kaskarra erakutsi dute.
Lehen zatian, partidako lehen aukera garbia Realak izan du. Carlos Velak langara bidali du baloia, 13. minutuan, Ruben Pardoren pase zoragarri baten ondoren. 28. minutuan, arriskuarekin hurbildu dira donostiarrak berriz ere. Kanpotarrek bere aukera ere izan dute; Negredok aukera ona izan du Sevillarentzat, 32. minutuan, baina bere burukada kanpora joan da gutxigatik.
Lehen zatiaren azken txanpan, Sevillako atezain Palopek geldiketa bikaina egin du, 42. minutuan, Carlos Velari baloi harrigarria aterata.
Bigarren zatian inork ez du hartu jokoaren ekimena, baina Realak bost minututan partida bere alde jarri du. 64. minutuan, Carlos Velak txuri-urdinak aurreratu ditu (1-0). Hirugarrenean bai, mexikarrak lortu du baloia sareratzea, lehen zatian izan dituen bi aukera garbiak galdu eta gero. Eta 68. minutuan, Pardo gazteak gol bikaina sartu eta 2-0ekoa jarri du markagailuan. Hortik aurrera, Reala nagusi izan da.