Aurrekontuari aldaketak egiteko premia agertu du oposizioak
“Zifrak orekatzeaz kezkatu dira eta ez herritarren interesen alde egiteaz”, esan du Gascok
Udal gobernuak aurkeztu duen 2012ko aurrekontu proiektuak bere horretan aurrera eginez gero, PSE-EEk osoko zuzenketa aurkeztuko duela aurreratu du Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak. Gascok bezala, gainontzeko udal taldeeko ordezkariek ere atzo ezagutu zituzten udal aurrekontuaren nondik norakoak ogasun batzordean. Ziborroa xehetasun osoz ezagutzeko betarik izan ez duten arren, udal talde guztietako ordezkariek adierazi dute aldaketak egiteko gogoa.
Zuzenketak aurkeztu eta 2012ko udal aurrekontua behin betiko onartzeko egutegia ondorengo egunetan osatuko dute. Udal talde bakoitzak 48 ordu izango ditu proposamenak aurkezteko.
Udal gobernuak aurreko astean kalkulatu zuenez, apirilean izan daiteke aurrekontua onartzeko osoko bilkura. Bitarte horretan zirriborroa aurrera ateratzeko babesa lortu beharko du Bilduk.
PSE-EE
Bilduk aurkeztutako aurrekontu proiektua «adabakia» dela uste du Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak. «Zifrak orekatzeaz kezkatu dira eta ez herritarren interesen alde egiteaz», salatu du. Honenbestez, zirriborroak bere horretan aurrera eginez gero, osoko zuzenketa aurkezteko prest daudela azaldu du.
Enplegua sortzeko neurririk hartuko ote den begiratuko du PSE-EEk. Ongizate arloan gastua handiatzea ondo dagoela baina lanpostu berriak eratzea ere «beharrezkoa» dela erantsi du. Garapen ekonomikoa sustatze aldera, Kursaal aretoa handiatzeko ala hotel berriak eraikitzeko neurriak falta direla ohartarazi du Ernesto Gascok.
Etxebizitzari dagokionez, Plan Orokorraren baitan dauden egitasmoei –Auditz Akular kasu– ezin zaiela uko egin erantsi du.
PP
Gastua murrizteko pausorik ez dutela eman eta ideia gabeko aurrekontua dela deskribatu du Jose Luis Arrue PPko zinegotziak. Diru sarrerek behera egin dutela baina beste erakunde batzuetara joz –Gipuzkoako Forua Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Espainiako Gobernua edota Europako Batasuna– bide berriak jorratzeko gai izan ez direla kritikatu du.
Gastu arruntari dagokion bigarren atalean, 700.000 euro murriztu dituztela kexu da. PPk aurreko urteetan egindako proposamenen bidez, 6-7 milioi euro murrizteko gai izan zirela jakinarazi du zinegotziak.
Bilduk, era berean, bere hitza betetzeko ezintasuna agertu duela adierazi du Jose Luis Arruek. «Donostiabuseko administrazio kontseiluan alkatearen botoari esker atera zuten aurrera 2011-2015 urteetako plan estrategikoa. Urte horietan Dbusek 6,1 milioi euro gehiago jasoko zituela erabaki zuten; egun, ordea, aukera hori bideraezina dela agerian geratu da, aurten 2011ko ekarpenari eutsiko diotelako», azaldu du.
Bilduk, gainera, pertsonen alde egitea beren lehentasuna dela diotela adierazi du PPko zinegotziak, «Munto eraberritzeko, baina, ia milioi bat euro bideratuko duten bitartean, Erdialdeko sorospen etxerako ez dute dirurik jarriko», kritikatu du.
EAJ
Udal aurrekontua oraindik sakon aztertu behar dutela argitu duen arren, «udalbatzak orain arte adostutakoa beteko duela ziurtatu beharko luke udal gobernuak», aditzera eman du EAJko zinegotzi Iñaki Gurrutxagak. Hala nola, Udalbatza osatzen duten taldeen gehiengoak bosgarren edukiontziaren alde egin dutela eta aurrekontuak sistema hori ezartzearen inguruan ezer ez diola adierazi du.
Langabezian dauden 10.000 herritarren egoera aldatzeko, halaber, plan edo neurri berezirik ez dutela ezarri jakinarazi du. Kursaal batzar jauregia handitzea ez dutela aintzat hartu gaineratu du, era berean. Gurrutxagak, halaber, etxebizitzak eraberritzen laguntzeko proiekturen bat falta dela erantsi du.
Autobus geltokiaren egitasmoak aurten izango duen diru kopurua iaz Atotxan egingo zenarentzat bideratutakoaren parekoa dela salatu du EAJko zinegotziak. Bilduk Loiolako Erriberaren alde egiten badu, Gurrutxagak ez du ulertzen bi proiektuentzat ekarpen bera egitea. Bi proiektuek ez dutela berdin balio kexu da.


