Illunbeko azpiegituratik hamar milioi euro lortzea espero du Bilduk aurten
Illunbeko aisia guneari etekina aterata lortu nahi du udal gobernuak diru zorroa betetzea. Ricardo Burutaran udaleko Hirigintza zinegotziak jakinarazi duenez, aurreko jabe Nuevo Desarrollo de Anoeta enpresari ordaindutako 21 milioi euroko kalte ordaina berreskuratzea eta erabilpen bat ematea dira helburu nagusiak. Honela, Bilduk abian jarriko duen lehiaketaren bidez, aurten, 9.479.000 euro eta, 2013an, 9.520.000 euro jasotzea aurreikusi dute. Udalak 2012an izango dituen diru sarreren artean, apusturik handiena da Illunbekoa. Lursailak saltzetik 15, 4 milioi euro batzea espero dute eta horietatik bederatzi baino gehiago dagozkio Illunberi.
2012rako osatu duten aurrekontu proiektua egiterakoan «zuhur» ibili nahi izan dutela azpimarratu du Javier Vitoria Ogasun ordezkariak. Nahiz eta aurreikusitakoa baino gehiago jasotzea espero, Illunbeko lehiaketarekin, gutxienez, 19 milioi euro bildu ahal izango dituztela kalkulatu dute. Iaz ordube salementatik jasotakoa esperotakoaren laurdena besterik ez dela izan aditzera eman du Ogasun ordezkariak.
Bilduk, beraz, behetik jo nahi izan du «hanka ez sartzeko». Illunben zer egin asmatzea lor daitekeen dirua bezain garrantzitsua dela esan du Burutaranek. «Ez dugu onartuko hirian martxan dauden jarduera ekonomikoei eragozpenik sortzea», azaldu du.
Zezen plaza kanpo
Udal gobernuak aisia guneari, aparkalekuari eta Udalbatzak bere garaian Illunberi etekin handiagoa ateratzeko Plan Orokorrean gaineratutako 14.000 metro koadroko eremuari bilatu nahi dio irtenbidea. Zaku horretan albo batera utzi dute zezen plaza. Udal gobernuarekin harremanetan jarri direnen artean, aisia gunean zezen plazan baino interes handiagoa azaldu dutela zehaztu du Burutaranek. Honenbestez, zezen plazarekin zer egin erabakitzeko beste lehiaketa bat egingo du udal gobernuak. Lehiaketa horretan, bada, Gipuzkoa Basket taldea aintzat hartu behar dela nabarmendu du. Zezenketei dagokienez, berriz, aurreragorako utzi nahi du Bilduk eztabaida; urtea amaitu arte indarrean jarraituko baitute abonamenduek.
Jaurlaritzak ateak zabalik
Bildutako diruarekin alokairuzko etxebizitzak sustatzea izango da Bilduren lehentasuna. Agintaldiko egitasmo izarren artean dago Txomin Enea. Babestutako alokairuan 480 etxe eraiki nahi dituzte, «aurreko udal gobernuak aurreikusitakoa baino hiru bider gehiago», esan du Burutaranek. Lehenengo faseari ekin nahi dio aurten udal gobernuak. Fase horretarako 45 milioi euro gastatu beharko ditu Etxegintzak. Inbertsio horretan laguntzeko, Eusko Jaurlaritzak udaletxeko «ate eta telefonoak zabalik» dituela azpimarratu du Hirigintza zinegotziak. «Elkarlanean aritzeko inongo arazorik ez dugu», dio.
Txomin Eneako hirigintza proiektuarekin batera, udal gobernuak adinekoentzako 50 apartamentu altxa nahi ditu Intxaurrondon; gazteentzako alokairuzko beste 50 apartamentu Pagolan eta babestutako alokairuan eskainiko liratekeen beste 37 etxebizitza Jolastokietan.
Munto baserria eraberritzeko, 975.000 euro
Udal gobernuaren asmoa Munto baserria eraberritzea da. Lursail eta eraikinaren jabe den enpresak baserria botatzeko asmoa zuen eta biribilgune bat eraikiko zuten haren lekuan. Ricardo Burutaranen hitzetan, «planeamendu plana aurkeztu zenean alegazio ugari aurkeztu ziren eta Aieten egindako azken bileretan Munto berreskuratzeko eskaera ugari egin zituzten auzotarrek».
Orubearen jabeek, hortaz, baserria eraisten eta ingurua urbanizatzen gastatuko zuten dirua udalari emango diote. Horrekin eta udal gobernuak egin nahi duen 975.000 euroko ekarpenarekin Munto baserria eraberrituko dutela aurreratu du Hirigintza zinegotziak.
Jose Luis Arrue PPko zinegotziak salatu du udal gobernuaren asmoa Udalbatzak 2010eko ekainaren 25ean adostutakoaren kontra doala. Baserriak baliorik ez zuela eta eraisteko erabakiarekin udal talde guztiek bat egin zutela azpimarratu du. Eraikina eraberritu bai, baina bertan zer egin daitekeen oraindik erabaki gabe dagoela jakinarazi du Burutaranek.


