Euskarazko lehen irratsaioa Donostian egin zen, duela 80 urte
Joseba Zubimendi eta Ander Arzelus izan ziren astero Union Radion euskaraz egiten zen ordubeteko irratsaioaren sortzaileak. Haien omenez egingo dituzte Koldo Mitxelenan ‘Euskara Hegaz, Euskal Irratiak 80 urte’
Duela 80 urte, Euskal Herriko irrati bakarra Donostian zegoen. Union Radio zuen izena, eta martxoaren 2an egin zuten lehen irratsaioa. Joseba Zubimendi eta Ander Arzelus izan ziren ordubeteko euskarazko irratsaioaren sortzaileak. Omenaldi gisa, eta euskal irratigintzaren historia ezagutzera emateko, bi egunetako jardunaldiak egingo dituzte Koldo Mitxelenan: Euskara hegaz, Euskal Irratiak 80 urte jardunaldiak.
Joseba Zubimendiren funtsak aurkeztuko dituzte jardunaldiotan. Haren familiak 2010ean Gipuzkoako Aldundiari eman zizkion. Digitalizatzen ari dira, eta berebiziko garrantzia dute. Zubimendik euskal irratsaio horien guztien gidoiak gorde zituen. Arratsaldeko zortzietatik bederatzietara egiten zuten, eta zuzenean egiten zuten. Lizardiren poesiak, momentuko puntako pertsonaiak, idazleak, musikariak… Irratsaioan 8 urteko neska batek parte hartzen zuen, Amale Arzelusek, Arzelusen alabak hain zuzen. Martxoaren 2an, euskal irratiaren urtemugan omenduko dituzte hirurak. Eta bertan izango da Amale Arzelus, esatari gisa lehen aldiz aritu zen emakumea.




