Joxe Ramon Mauduit: "Jende askok haurrak ukitzeko beldurra du"
Hilabeteak baino ez dituzten haurrei masajea nola eman irakasten du Joxe Ramon Mauduit psikologo eta psikoterapeutak (Amezketa, 1949). Hilaren hirugarren asteazkenero Egia kultur etxean lantegia egiten du. 25 bat urte daramatza haurrei masajea nola eman irakasten. Txikien gaitasunak abiarazten eta garatzen laguntzeaz gain, gurasoekiko komunikazioa eta harremana indartzen duela uste du Maduitek. Bihar, 0 eta 1 urte arteko haurrak dituzten gurasoentzat doako lantegia egingo du, 11:00etatik 12:30era. Saioaren inguruan eta masajearen onurei buruz hitz egin du IRUTXULOKO HITZArekin.
Nolatan hasi zinen lantegi hauek eskaintzen?
Orain urte batzuk Aska elkartea sortu genuen. Batetik, haurren gaitasunei bidea ireki, eta bere baliabideak bideratu nahi genituen; eta bestetik, gizarte aldetik, batak bestearengan harremana eta babesa izango zuen topalekua izatea. Gurasoek seme-alabekiko harremanean nahiko komeria eta zailtasun izaten dituzte, eta laguntzeko modu bat sortzea pentsatu genuen. Hasierako garai horretan hitzaldiak egin genituen hainbat kultur etxetan, eta Egian, tailerra egiteko aukera sortu zenez, hilean behin haur masajea irakastea erabaki nuen.
Talde itxia da ikasturterako, edo lantegi bakoitza irekia da?
Irailean hasten gara, eta ekaina arte luzatzen dugu. Hasieran gutxi etortzen dira, baina gero, hilabetez hilabete, lagun berriak gehitzen doaz. Garaiak izan dira jende pila etorri dena, eta ez zen atsegina, gehiegi zirelako. Normalean, ez dira partaide gehiegi izaten, jendeak lanean hasi behar duenez, jaiotzetik lauzpabost hilabetez parte hartzen baitu. Batzuek gehixeago irauten dute, baina ohikoena denbora hori da.
Interesa lehen baino handiagoa al da?
Hazten doa, eta uste dut areagotzen joango dela. Guk lehenik masajearen erabilpena egiten genuen gurasoen eta haurraren arteko harremanaren bideratzaile eta sortzaile izateko; bata eta bestearekiko harremana aberatsago egiteko. Baina interbentzio gisa ere erabil daiteke. Epidurala dela, zesareak edo zenbait egoerak bere unean martxan ez jartzea dakar, eta masajearen bitartez haurraren zentzumenak abian jartzen ditugu.
Ze onura dakarzkio haurrari?
Burmuinean hezitze prozesua abiarazten duten erreakzio gaitasunak abian jartzeko balio du. Haurraren zentzumenak –entzumena, dastamena, ikusmena, oreka, gorputzeko pertzepzio– bizkortzeko.
Gurasoei seme-alabekin harremana lantzeko balio al die?
Izugarri laguntzen die haurrarekiko harremanean. Beraiek lasaitasunez eta goxotasunez lanean jartzen badira, interakzio horrek erritmoa hartzen du, ondorioz, asko laguntzen du batak besteari bere egoera transmititzen eta lasaitasuna aurkitzen.
Zer jakin behar da masajea emateko?
Egia da intuizioz egin daitekeela, baina egun, jendea askok haurrak ukitzeko beldurra du. Pixka bat gidatzea ere ona izaten da konfidantza hartzen joan daitezen, eta gero, askatasunez erabil dezaten. Hasieran haurra ukitzeko modua erakustea garrantzitsua da, gero, gurasoek hartzen dute erritmoa.
Mugimendu motak erakusten dizkiezu, beraz?
Bai. Horrez gain, burua nola jarri jakitea oso garrantzitsua da, tentsiorik ez dadila izan. Haurrak amaren sabelean burua izan duen moduaren arabera, askotan oraindik askatu ez diren tentsioak izan ditzake. Horko presio horiek goxatu, eta burua eta lehen ornoaren arteko artikulazioa erraztea.
Etorkizunari begira ere onuragarria al da?
Zalantzarik gabe. Lehen bi urteetan nerbio sistemaren garatze prozesua izugarrizko abiadan doa. Komunikazio aldetik eta gorputzaren hezitzeari dagokionez, gorputza indartsu ernetzen bada, bere nitasuna ere indartsu sentituko du. Lehen hilbetetatik hori kontuan hartzen bada, eta horretan laguntzen bazaio,etorkizunerako oinarri bikaina jartzen zaio. Bizitza datorren moduan, desoreka oso erraza da. Norbererak bere burua bermatzea, bere espazioa ondo zaintzea eta sormena izatea ez da oso erraza izaten; horretarako, oinarri onak izan behar ditugu.
Noiz arte eman behar zaio masajea?
Lehen urtea, edo lehen urte eta erdia arte, guk artikulazioak eta gorputz atalak lantzeko modua aholkatzen dugu. Hortik aurrera, modu puntualean, kolpea, tentsioa… bada. Horrelakoetan ornoetan edo diafragman uzkurtu ohi dira. Bere gaitasunak bizkortasunez erabiltzeko zailtasuna duen tokietan lagundu behar zaio.

