Lourdes Fernandez: "Arcok azoka txikiagoa izan behar zuela uste nuen"
Bihar hasiko da Madrilgo Arco arte azoka. Lourdes Fernandez donostiarra lau urtez izan zen zuzendari. 2010ean utzi zuen zuzendaritza, proiektuaren garapenarekin bat ez zetorrelako. Euskadi Irratian elkarrizketatu dute gaur, eta zuzendari izan zen garaiaz hitz egin du: “Oso momentu txarra zen, eta are okerragoa zen zetorrena. Nik azokak txikiagoa izan behar zuela uste nuen. Beste helburu batzuk izan behar zituen”. Halere ikusle gisa joaten jarraitzen duela adierazi du Fernandezek.
Egun eginkizun berria du Fernandezek. Bilboko Alhondigan egingo du lan. Datorren astean hasiko da lanean, eta erretiroa hartu duen Marian Egaña kontseilariaren lekukoa hartuko du. Zentroa Europan erreferente bihurtzea izango du helburu: “Alhondiga munduari begira jartzeko lanean hasiko gara”.