PSE-EEk Tabakalera "hiltzen uztea" leporatu dio Bilduri
Martin Garitano ahaldun nagusiari eta Bilduri Tabakalera “hiltzen uztea” leporatu die Marisol Garmendia Donostiako zinegotzi sozialistak. Tabakalera proiektua eta Arteleku banantzearen erabakiaren arduraduntzat jo du Garitano. Haren ustez, “zentzugabekeria” da Tabakalera proiektuaren bihotza izan behar zuena banantzea, eta Tabakalera “hustea” leporatu dio. “Ez dago proiekturik Arteleku gabe. Eta ez dago proiekturik; ez dago zuzendaritza teknikorik; ez dago liderazgo politikorik; eta erakundeen arteko kontsentsua ere apurtu egin da. Ez dakit nola babesten duten gauza bat, eta aldi berean gauza hori hiltzen uzten duten. Hustu egin dute. Kea besterik ez da orain Tabakalera”, adierazi du Garmendiak. Donostiako PSE-EEk alkatearen agerraldia eskatu du otsailaren 23ko osoko bilkuran, bere jarrera azal dezan.