Rebeca Linares urrez jantzita ikusi nahi dute
San Valentin edo maitasunaren eguna ez ezik, Sexua eta Ugalkortasun Eskubideen Nazioarteko Eguna ere bada otsailaren 14a. Gozatzeko eguna da, alegia; bikotearekin, bakarka edo irudimenak eskaintzen dituen aukerak baliatuta. Eta sexua aipatuta, donostiar bat nabarmentzea ezinbestekoa da: Rebeca Linares porno aktorea, hain justu. 28 urteko donostiarrak 700 pelikula inguru egin ditu, eta porno industriaren aktore onenen artean dago. Hain da ezaguna, bere aldekoek Facebook orrialde bat egin zutela joan den urte bukaeran Urrezko Danborra jaso zezan.
Mila lagun baino gehiagok babesa eman zioten hautagaitza honi; Ze Esatek musika taldeak, tartean. Rebeca Linaresen hautagaitza kritika moduan proposatu zutela azaldu zuten musikariek, euren ustez, Urrezko Danborraren ibilbideak seriotasun gutxi erakutsi duelako Alfredo di Esfefano edo Ingalaterrako Atletismo Federazioa bezalakoei garaikurra emanda, saria merezi duten hainbat pertsona eta eragile daudenean. Ze Esatek taldekoek abestia eta guzti egin zuten Rebeca Linaresen hautagaitza sustatzeko. Gaurko eguna dela-eta, eta sexuari ohore egiteko jardunaldia izanda, kantu hori berreskuratu du Irutxuloko Hitzak.