Viktoria Eugeniaren mendeurrena urte osoan izango dute gogoan
Ostiral honetan bertan, Inauterietako Momo Jainkosak bisitatuko du antzokia, jantzi bereziarekin, eta Viktoria Eugenia bera ere mozorrotuko dute
En flandes se ha puesto el sol antzerki obrarekin estreinatu zuten Viktoria Eugenia duela 100 urte. Mendeurren honetan askotariko ikuskizunak hartu ditu antzokiak. Urtemuga dela-eta, Viktoria Eugenia urte osoan gogoan izango dutela azaldu du Nerea Txapartegi udaleko Kultura arduradunak: “Hiriko eraikin garrantzitsuenetakoa da, eta urtebetetze eguna udaran izango duen arren, Donostiako jaialdiek keinuren bat egingo diote antzokiari: Zinemaldiak, Jazzaldiak, Euskal Jaiek…”.
San Sebastian Egunaren bezperatan, danborradan parte hartu behar zuten haurrek Zorionak Zuri abestu zioten Viktoria Eugeniari, eta Bertso Egunean hainbat bertsolarik antzokiaren balkoitik abestu zuten. Baina hori hasiera baino ez da izan, eta besteak beste, dFeria Arte Eszenikoen Azokak gogoan izango du Viktoria Eugenia. Ostiral honetan bertan, Inauterietako Momo Jainkosak bisitatuko du antzokia, jantzi bereziarekin, eta Viktoria Eugenia bera ere mozorrotuko dute. Ekitaldi nagusiak uztailean egingo dituzte, baina Txapartegik oraindik ez ditu ekitaldi guztiak argitu nahi izan, ezustekoei lekua uzteko asmoz.