Alkatearen aurka esandakoa zuzentzeko eskatu dio Bilduk Gascori
Uxotegi auzian zigorrik ezartzeko zantzurik ez dagoela ebatzi du epaileak; kasua behin-behinekoz artxibatu dute
Gaztelubide kaleko 5. atariko eraikinaren okupazioa argitzeko ikerketa batzordea eratu dute eta udal talde bakoitzak bere jarrera zein den azaldu du. Paraleloki erantzukizun zibil eta penalak egozteko bidea dago epaitegietan zabalik. Hala, bide zibiletik zer ebazten den ezagutu bitartean, irailaren 24ko okupazioan deliturik ez zela izan erabaki du epaileak. Josetxo Ibazeta alkatearen idazkariak jasotako idatzian zehazten denaren arabera, «eraikina okupatu dutenak behin bakarrik identifikatu dituzte eta poliziak idatzitako agiriari jarraiki ez da okupaziorik izan». Hortaz, zigorrik ezartzeko zantzurik ez dagoela ondorioztatu du epaileak. Hori dela eta, kasua behin-behinekoz artxibatu dute. Ebazpenarekin konforme ez daudenak oraindik ere aurrera jarraitzeko aukera izango lukete, beraz.
Erabaki hori dela eta, Uxotegiko ikerketa batzordearekin aurrera jarraitzeak «zentzu handirik ez» duela argitu du Bilduren izenean hitz egin duen Axier Jaka zinegotziak, «okupazioa izan denik zalantzan jarri duelako». «Batzordearen asmo bakarra udal gobernuari auzi politikoa egitea izan da», jakinarazi du Jakak. Bilduren ustez, oposizioak argitu beharko du euren helburua «udal gobernua ala okupazioa epaitzea ote den».
Ebazpenak, ordea, ez du ikerketa batzordea bertan behera utziko. «Oraindik ere esanguratsuagoa» izango dela zehaztu du Bilduko zinegotziak. Haren iritziz, batzordea zein helbururekin sustatu duten argitu beharko dute.
Axier Jakak, gainera, gogor egin du Ramon Gomez batzordeko presidentearen eta Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramailearen kontra. Jendaurrean alkatearen aurka egindako adierazpenak zuzentzeko exijitu dio Jakak Ernesto Gascori. «Jendaurrean zuzenketa egiteko exijitzen diogu, alkatearen aurka egin dituen oinarririk gabeko salaketak direla medio. Behin eta berriro esan baitu ekintza ilegalak babestu dituela», adierazi du.
Batzordea egin aurretik, Ramon Gomezek «ondorioak idatzita» dituela salatu du Bilduko zinegotziak. Horregatik, neutrala izan daitekeen kideren bat batzordean sartzearen aldekoak dira. Oraindik, baina, alderdikeriarik gabeko kidea nor izan daitekeen finkatu gabe dutela azaldu du. Ondorioak idatzita daudela esatea, «gezurretan» aritzea dela erantzun du Ramon Gomezek, «oraindik ez dugulako agerraldi bat bera ere entzun». Neutrala ez den bakarra Bilduren gobernua dela kritikatu du Gomezek. «Komeni zaionaren arabera hartzen ditu erabakiak; hala nola, udalbatzak hartzen dituen erabakiak betetzeari uko egiten dionean», esan du.
«Ordezkari neutrala» zein izango den ez du Bilduk zehaztu; bai, ordea, batzordean parte hartu beharko luketen kideak: «Udal talde guztietako bozeramaileak, gertakarian parte hartu duten udaltzainak, komisario ordea, udaletik filtratutako informazioa argitaratu duten komunikabide batzuetako kazetariak, Iñaki Urrutia Hirigintza ataleko eraikuntza arduraduna, Josetxo Ibazeta idazkaria, oposizioak eskatzen dituen abokatuak, Uxotegiko gazteen abokatua, Ibazetaren abokatua, okupazio kontuetan aditua den Iñaki Carro, Kukutza gaztetxearen ordezkari bat eta Eusko Jaurlaritzako gazteria sailetik Liburu Zuria idatzi zuen ordezkaria».
Batzordean nork parte hartuko duen gaur erabakiko dute udal taldeek.
Oposizioa
«Biktikarena egiteko garaiak» bukatu direla erantzun du Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak. Gobernuak «okupazio ilegalak babestu dituelako» eta Juan Karlos Izagirre alkateak gertatutakoa «zuzena eta arrazoitua izan dela aldarrikatu duelako» eskatu behar dela ardura politikoa jakinarazi du. Batzordeak zer gertatu den argitzeko helburua duela aditzera eman du. «Inork ez du aurreiritzirik egin», azaldu du Gascok.
EAJko Juan Ramon Viles zinegotziak, bestalde, ebazpena onartzen dutela baieztatu du. Epaitegietako bidea eta ardura politikoak eskatzearena bi bide desberdin direla argitu du. Batzordeak, epaitu baino, zer gertatu den argitzea duela helburu azaldu du.

