Biluzik baino, urrez jantzita nahiago dute Rebeca Linares
San Valentin egunaz gain, Sexua eta Ugalkortasun Eskubideen Eguna izan zen atzo. Sexua aipatuz gero, Donostiak nazioarteko izar bat du; Rebeca Linares porno aktorea, hain zuzen ere.
“Alkate jauna, aurtengo Urrezko Danborra Rebeca Linares. Nork baino berak merezi du ba saria». Ze Esatek taldeak eginiko abestiaren hasiera da, Rebeca Linares donostiarraren aldeko kanpaina egin zutenean osatu zutena.
Hain zuzen ere, porno aktore donostiarraren aldekoek Facebook orrialde bat egin zuten joan den urtearen bukaeran, Linaresek 2012ko San Sebastian egunean Urrezko Danborra jaso zezan. Mila lagun baino gehiagok eman zioten babesa ekimenari; Ze Esatek musika taldeak, barne. Hautagaitza kritika moduan proposatu zutela azaldu zuten musikariek. Euren ustez, Urrezko Danborraren ibilbideak seriotasun gutxi islatu duelako, garaikurra Alfredo di Esfefano eta Ingalaterrako Atletismo Federazioa bezalakoei emanda. Saria merezi duten hainbat eta hainbat pertsona eta eragile daudela uste dute.
Merezimenduak merezimendu, Rebeca Linares nazioarte mailako izarra da porno industrian. Horregatik, otsailaren 14ean, San Valentin ez ezik, Sexua eta Ugalkortasun Eskubideen Nazioarteko Eguna ere izanda, askok aktore donostiarra izango zuten gogoan. Gozatzeko eguna izan baitzen atzo; bikotearekin, bakarka edo irudimenak eskaintzen dituen aukerak baliatuta. Eta Linaresen lanbidea, azken finean, besteak gozaraztea da.
Estatu Batuetara
Veronica Linaresek (Donostia, 1983), porno munduan Rebeca Linares bezala ezaguna den emakumeak, Bartzelonan pasatu ditu urte asko. Bertan, 2005ean, eman zion hasiera bere ibilbideari porno aktore gisa, Milkyway ekoiztetxearen bitartez. Espainian lan gutxi zegoenez –gaizki ordainduta, gainera–, maletak egin eta atzerrira joatea erabaki zuen. Alemanian eta Frantzian izan eta gero, AEBetara, Los Angelesera, joan zen 2006an, Nacho Vidalekin lan egiteko asmoz. Han ezaguna egin zen eta, orduz geroztik, 700 pelikula inguru egin ditu.
Sare sozialetako hainbat lagunek Urrezko Danborra eskuratzeko hautagai izatea proposatu duten bezala, beste hautagaitza batzuetarako ere izendatu dute bere ibilbide profesionalean; kasu honetan, porno munduan egindako lana saritzeko. Porno arloko Oscar sarietan zortzi izendapen desberdinetan izan zen hautagai.
Hain da ezaguna, telebista kate batek dokumentala egin zuela bere bizitzari buruz eta Las Vegasen, sarien atarian, egindako egonaldiaren inguruan. Atzoko San Valentin eguna nola pasatu zuen ezin jakin, baina, aktore porno izanda, maitasunean egonkortasun bat izatea zaila dela esan ohi du elkarrizketatzen dutenean. «Ia ezinezkoa da bikotea izatea; jeloskor jartzen dira».