Jaialdi guztiek zorionduko dute Viktoria Eugenia
Antzokiaren mendeurrenaren ospakizunak 2012a beteko du, baina uztaila izango da bereziena
Viktoria Eugeniak 100 urte beteko ditu aurtengo uztailean. Urtebetetzea urte osoan gogoan izango dutela azaldu zuen Nerea Txapartegi udaleko Kultura ordezkariak, atzo egindako agerraldian. Hala, hiriko eraikin garrantzitsuenetakoa izaki, Donostiako jaialdi handiek keinuren bat egingo diote antzokiari: Inauteriak, dFeriak, Zinemaldiak, Jazzaldiak, Euskal Jaiek, Musika Hamabostaldiak, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Asteak… Dagoeneko hirian urtarrilean egindako bi jai garrantzitsuk bat egin dute urtebetetzearekin. Izan ere, Haur Danborradaren aurkezpenean, Zorionak zuri abestu zioten haurrek antzokiari; eta Bertso Egunean, hainbat bertsolari antzokiaren balkoitik aritu ziren koplaka. Hori, ordea, hasiera baino ez zen izan.
Inauterietan ere
Txapartegik ez zuen gehiegi esan nahi izan prestaturik dituzten ekitaldien inguruan. Baina aurreratu zuenez, Inauterietan ere antzokia omenduko dute. Hala, ostiral honetan bertan, aurtengo Inauterietako Momo Jainkosak, Susana Vicente altzatarrak, bisitatuko du antzokia. Jantzi bereziarekin izango da Momo eta Viktoria Eugenia bera ere mozorrotuko dute. Bestetik, martxoan izango den dFeria Arte Eszenikoen Azokan ere keinu bereziak egingo dituzte. Zehazki, Viktoria Eugenian egingo dituzten ikuskizunen aurretik, antzokiaren inguruko bizipen pertsonal bat kontatuko du antzezle, koreografo edo ekoizle batek. Bestetik, ikusleek ere antzokia zoriontzeko aukera izango dute, horretarako jarriko dituzten liburuetan idatziz.
Jazzaldi berezia
Kontuak kontu, ekitaldi nagusiak uztailean egingo dituzte, baina Txapartegik oraindik ez ditu ekitaldi guztiak argitu nahi izan, ezustekoei lekua uzteko asmoz. Zehazki, 1912ko uztailaren 20an En flandes se ha puesto el sol antzezlanarekin estreinatu zuten Viktoria Eugenia. Eta aurten, Jazzaldiarekin bat egingo duenez uztailaren 20ak, Jazz Gaua egingo dute.
Antzokiarekin batera, Maria Cristina hotelak, La Perlak, Igeldoko funikularrak eta Donostiara iritsitako topoak ere 100 urte betetzen dituzte aurten, eta ospakizun ekitaldi nagusien berri aurrerago emango dute.



