Jon Zulaika: "Gure helburua esperientzia hartzea eta lan polita egitea izango da"
Jon Zulaika; Puntista profesionala
Estatu Batuetako profesional mailan jokatzera joan zen Jon Zulaika 2010ean; aurten, lehen aldiz, zesta punta txapelketa garrantzitsuenetakoan izango da, Orlandoko RB Challengean.
Etxetik datorkio zesta puntarako zaletasuna Jon Zulaikari (Aiete, 1991). Bere aita eta osaba puntista profesionalak izan ziren, eta txikia zela hasi zen jokatzen, Donostiako zesta punta eskolan. Jai Alive enpresaren eskutik egin zuen debuta profesionaletan, Markinan; eta ondoren Estatu Batuetara joateko aukera izan zuen. Atsegin handiz erantzun du Daniatik IRUTXULOKO HITZAren deia.
Nola izan zenuen Estatu Batuetara joateko aukera?
Duela bi urte etorri nintzen Daniara, 2010eko maiatzean. Daniako frontoirako urtebeteko kontratua eskaini zidaten, eta iaz beste urtebeterako berritu zidaten.
Azkar egokitu zinen?
Hasieran Danian dena desberdina zen, frontoiak, pilota biziagoak, ezagutzen ez nituen pilotariak… Hasiera zaila izan zen, baina denborarekin askoz hobeto nabil.
Nolakoa da zure bizitza Danian?
Oso entrenamendu gutxi izaten ditugu, astean bost egunetan jokatzen baitugu. Asteartetik larunbatera kinielak jokatzen ditugu, 19:00etatik 00:00etara. Asteartetan eta larunbatetan bi txandatan jokatzen dugu, eta goizetan 12:00etan hasten gara. Beraz, ia egun osoa frontoian ematen dugu.
Zein izan da zure orain arteko ibilbidea?
Urte guztian jokatzen dugu eta denboraldia bitan banatzen dute, udarakoa, maiatzetik irailera, eta negukoa, azarotik apirilera artekoa. Aurreko denboraldian bigarrena geratu nintzen sailkapen orokorrean. Uste dut horregatik gonbidatu nautela Orlandoko txapelketara.
Hobekuntza nabaritzen ari zara?
Bai. Ez naiz duela bi urte iritsitako pilotari gazte hori. Egunero jokatzen dut eta, nire ustez, maila hobea ematen ari naiz.
Zale asko biltzen dira frontoietan?
Txapelketa garaian, bai. Duela pare bat aste Orlandon jokatu zuten Citrusean, esaterako, jende asko egon zen. Bestela, Danian izaten dira Orlandon eta Miamin baino ikusle gehiago. Larunbatetan 500 pertsona inguru hurbiltzen dira Daniara, eta astean zehar 200 bat. Bestalde, telebista bidez ere jende askok egiten ditu apostuak. Amerika osoan daude banatuta halako egoitzak, telebista bidez ikusten dituzte partidak eta hango makinetan egiten dituzte apustuak.
Zein adineko ikusleak izaten dira frontoietan?
Denetarik izaten da; helduak, erretiratuak eta gazteak ere bai. Asteazkenetan gazteentzat garagardoa eta jatekoa merkeago jartzen dute frontoian, eta gazte asko hurbiltzen dira. Promozioak ere egiten dituzte, ikasleen gaua eta halakoak.
Nola lortu duzu Orlandoko RB Challengean parte hartzea?
Orlandoko frontoiko managerrak aukeratzen ditu pilotariak, eta txapelketara gonbidatzen ditu. Egia esan nik ez nuen hautatua izatea espero, ohikoena esperientzia handiko pilotariak hautatzea izaten baita. Gazteek ez dute parte hartzen eta niretzako ezusteko handia izan zen.
Probaren bat egin behar izan duzu aukeratua izateko?
Ez. Besterik gabe, nik Daniako frontoian jokatzen dudanez, askotan ikusten nau, baita inguruko frontoietan zeintzuk dabiltzan ongi jokatzen ikusten ere. Orlandoko jarraitzaileek ere eskatzen diote pilotari berriak ikusi nahi dituztela.
Ostiralean hasiko duzu txapelketa. Prestaketa bereziren bat egiten ari zara?
Txapelketa bat duzun astean beti egiten duzu zerbait berezia; ariketa fisikoa, zesta berriren bat probatu, sakeak egin, ariketa berezituagoak… hori da, txapelketen astea desberdina izaten da.
Israel Asiain izango duzu bikote, atzelari lanetan. Lehenago jokatu izan duzu berarekin?
Israelekin Daniako frontoian jokatzen dut ia egunero. Bera ere oso gaztea da, batera iritsi ginen Daniara, eta oso gustura jokatzen dut berarekin. Lehenagotik ere elkar ezagutzen genuen, afizionatuetan elkarren aurka jokatuta. Baina profesional bezala hemen egin genuen topo, Danian. Aste honetan elkarrekin jokatuko dugun bakoitzean saiatuko gara akatsak hobetzen.
Txapelketan parte hartuko duten gainontzeko bikoteak esperientzia handikoak dira. Zein izango da zuen helburua?
Irabaztea beti da helburua, baina oso zaila izango da hori lortzea, maila handiko pilotariak izango ditugulako aurkari. Gure helburua esperientzia hartzea eta lan polita egitea izango da.
Kiniela sistema erabiliko duzue. Nola funtzionatzen du?
Pilotari bakoitzak zenbaki bat izango du. Lehenengo bost kiniela jokatuko ditugu, lehena atzelariena izango da, zazpi puntura, eta gero, aurrelariena, beste zazpi puntura. Gero, nahastuta jokatuko dugu guztiok, baina hori ez da txapelketarako baliagarria izango. Azkeneko partidak binakako txapelketakoak izango dira.
Etxetik datorkizu zaletasuna. Non hasi zinen jokatzen?
Zazpi urterekin hasi nintzen jokatzen, Karmelo Balda frontoian, Donostiako zesta punta eskolan. Etxean aitaren zesta zahar batzuk nituen. Nire osabak ere jokatzen zuen eta Ameriketan bizi da. Afizionatuetan Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketak irabazi nituen, eta jubenila nintzela Grounda irabazi nuen. Maila guztietatik igaro ostean, 2009ko abenduaren 25ean debutatu nuen, Markinan, Jai Alive enpresarekin. Partida gutxi jokatu nituen Daniara etorri aurretik, zazpi bat edo.
Badakizu zein izango den zure etorkizuna?
Gaur egun, Estatu Batuetan zesta puntaren egoera ez da oso egonkorra. Apustuak asko jaitsi dira eta frontoi asko ere itxi egin dituzte edo denboraldiak murriztu dituzte. Orduan, etorkizuna ez da oso egonkorra guretzako. Horregatik, goizetan unibertsitatera joaten naiz, ingeles eskoletara. Ezin duzu esan hamar urte emango dituzulahemen. Lege berriak egiten ari dira kasinoak irekitzeko eta horrek min handia egiten dio zesta puntari. Euskal Herrian Enpresaritza ikasten hasi nintzen eta hemen ere ikasketa horiekin jarraitu nahiko nuke.

