
Bartzelonara begira dago jada Lagun Aro Gipuzkoa Basket. Hain zuzen ere, talde donostiarra bere historia laburreko lehen Kopa jokatzeko atarian da. Sito Alonsok zuzendutako jokalariek bihar egingo dute debuta, final-laurdenetan, Caja Laboral Baskoniaren aurka. Donostiarren eta gasteiztarren arteko derbia 19:00etan hasiko da, eta Irutxuloko Hitzak zuzeneko kontakizuna egingo du webgunearen bitartez.
Ostegunean bertan, 21:00etan, final-laurdenetako bigarren norgehiagoka jokatuko dute Bartzelonak, etxeko taldeak, eta Lucentum Alicantek. Bi partida hauetako irabazleak elkarren aurka ariko dira larunbateko lehen finalerdian, 18:00etan.
Ostiralean, Unicaja-Banca Civica eta Real Madril-Fuenlabrada partidak izango dira; hauek ere, finalerdietarako postu baten bila. Final handia igandean izango da, 18:00etan. Txapelketako partida guztiak Bartzelonako Palau Sant Jordi kirolgunean jokatuko dituzte.